Ikastaroak eta tailerrak, skate parkearen urteurrenaren bigarren eguna hasteko

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 10a, 15:54

Skate ikastaroak, eta grafiti eta kamisetak margotzeko tailerrak egin dituzte goizean, bazkariaren aurretik. Arratsaldean eta iluntzean jarraituko du festak skate parkearen bueltan.

Festa giroan murgilduta jarraitzen dute Izarraitz skate parkean, gunea ireki zuteneteko lehen urteurreneko ospakizunen barruan.

Atzo arratsaldean hasi ziren urteurrena ospatzen eta gaur, goizetik ekin diote bigarren jardunaldiari. Skate ikastaroak, eta grafiti eta kamisetak margotzeko tailerrak izan dituzte eguerdia bitartean YK Riders eta Arauntza Riders taldeek udalarekin batera antolatutako egitarauaren barruan, eta umeak, gazteak zein helduak elkarrekin ibili dira, pistan eta ondoko zelaian. Ondoren, Esklaben ondoko zelaian bertan egin duten bazkariaren txanda iritsi da.

Bazkaritan indarrak berrituta, arratsaldean eta iluntzean ere izango da zerekin gozatu skate parkean. 16:00etatik aurrera, Jam Session-a izango dute pistan; 20:00etan, parrillada; eta bigarren eguna bukatzeko, musika, Leherkaitz eta Hoben taldeen kontzertuekin.

Bihar, berriz, Euskal Herriko skate txapelketak egingo dituzte. Goizean umeen eta gaztetxoen lehiak egingo dituzte, 30 bat parte hartzailerekin; arratsaldean, berriz, federatutako kirolarien txanda izango da, hamabost bat lehiakiderekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide