Bolari Egunarekin agurtu dute Azpeitian Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 11a, 19:30

Goizean Garmendipeko bolatokian txapelketaren 52. edizioaren azken jardunaldia jokatu ondoren, bazkaltzeko elkartu ziren parte hartzaileak eta antolatzaileak, eta aurtengo sariak banatu zituzten bazkalostean.

Azpeitiak hartu du aurten Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren azken jardunaldia. Txapelketa borobiltzeko ez ezik, Bolari Eguna ospatzeko elkartu ziren atzo herrian kirol horretan aritzen diren lurraldeko hainbat bolari.

Lehia eta ospakizuna batu zituzten Bolari Egunean. Izan ere, goizean Garmendipeko bolatokian txapelketaren 52. edizioaren azken jardunaldia jokatu ondoren, Lehendakari saria jokoan zutela, bazkaltzeko elkartu ziren parte hartzaileak eta antolatzaileak, eta aurtengo sariak banatu zituzten bazkalostean. Sari banaketaz gain, Azpeitiko Garmendipe taldeko kide zen Andres Calero Pelos zena omentzeko tartea ere hartu zuten Kiruri jatetxean elkartutakoek.

Sariei dagokienez, hauek dira Gipuzkoako 52. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketan aurten nabarmendu direnak:

  • Gipuzkoako txapeldunak: Lander Odiaga eta Isana Gorosabel.
  • Lehendakari sariaren irabazlea: Mateo Guenaga.
  • Nagusien mailako irabazlea: Pedro Gomez.
  • Bikoteka txapeldun: Xabier Loiola eta Imanol Osoro.
  • Taldeka txapeldun: Asola Berri A.

Txapelketan lehiatu diren talde edo klubetako bolari nabarmenenak ere saritu zituzten Kirurin. Azpeitiko Garmendipe taldeko saria Iñaki Caballerorentzat izan da aurten.

(Argazkiak: Bola Jokorako Euskal Federazioa eta Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide