Naroa Uriak eta Ion Intxaustik Benasqueko mendi maratoia irabazi dute

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 12a, 11:31

Naroa Uria eta Ion Intxausti, Benasqueko lasterketaren une batean. (Utzitakoa)

Bikote mistoen lasterketa irabazi zuten azpeitiarrek zapatuan Huescako (Espainia) proban. 30 bikote lehiatu ziren 44,6 kilometroko lasterketan.

Gran Maraton Montañas de Benasque proba jokatu zen joan den zapatuan Huescako (Espainia) herri horretan, eta Naroa Uria eta Ion Intxausti azpeitiarrek podiumaren toki gorena zapaldu zuten, bikote mistoen lasterketa irabazi ondoren.

Hiru distantziatako lasterketek osatzen dute proba –maratoia, 28 kilometrokoa eta 19 kilometrokoa–, eta Uria eta Intxausti luzeenaren barruan jokatutako bikote mistoen lasterketan gailendu ziren. Maratoia baino distantzia luzeagoa zuen ibilbideak, 44,6 kilometro, hain zuzen, eta 2.640 metroko desnibela. 30 bat bikotek parte hartu zuten lasterketan. Azpeitiarrek 6:19:04 behar izan zituzten ibilbidea osatzeko; bigarren tokian sailkatu zen bikoteari (Miriam Llop eta Jose Antonio Algueta) ordu erdi pasako aldea atera zioten, eta ordubeta eta hamar minutu pasakoa, berriz, hirugarren sailkatuari (Silvia Chiriac eta Rafael Pallares).

Iaz ere irabazi zuten Uriak eta Intxaustik Benasquen, baina orduko hartan 28 kilometroko lasterketan lehiatu ziren. Aurten, Uriak azaldu duenez, Benasqueko maratoia zen, bikoteka egingo dituztenen artean, "urteko helburua", eta pozik daude emaitzarekin. Datorren astean bikotekako beste mendi lasterketa bat egitekoak dira Uria eta Intxausti, Asturiasen (Espainia).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide