Ikasturtea bukatzeko astebete pasatxo falta da oraindik, baina ikasturte bukaerako festak etzi, ostiralez, egingo dituzte Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.
Ikasberrin, goizean goizetik ekingo diete ezohiko jarduerei; 09:30etik 13:00etara, mendi irteerak, jolasak eta abar egingo dituzte, eta gurasoak ere gonbidatu dituzte horietan parte hartzera. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 18:15era, jolasak eta bestelako ekintzak egingo dituzte ikastolako jolastokian, eta puzgarriak ere jarriko dituzte. Gero, 18:15ean, txaranga gazteak emanaldia eskainiko du, eta 18:30etik 19:30era, ekitaldia egingo dute. Ekitaldi horretan, besteak beste, orla banaketa egingo dute. 19:30etik 20:00etara, berriz ere puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute haurrek; eta 20:00etan, txotxa zabalduko dute. Festari bukaera emateaz, Skapaie elektrotxaranga arduratuko da.
Karmelo Etxegarain, berriz, 17:00etan ekingo diote jaiari. Ordu horretatik aurrera, Perdillegiko eraikineko ingeleseko gelan itzalekin jolasean aritzeko aukera izango dute HHko eta LHko haurrek; gimnasioan, dantza mordernoa egiteko aukera izango dute –LHkoek 17:00etatik 17:45era eta HHkoek 18:00etatik 18:45era–; eta Mugi-Mugi gelan yoga egiteko aukera izango dute –4 eta 6 urte artekoek 17:10etik 17:30era, 7 eta 9 urte artekoek 17:30etik 18:00etara ea 10 urtetik gorakoek 18:00etatik 18:45era–. Horien ostean, 19:00etan, trikitilariekin kalejira egingo dute Perdillegiko eraikinetik Urola Ikastolara, eta 19:15ean, LH 6koak agurtuko dituzte. Ekitaldia bukatzeko, dantza modernoko ikasleek dantza egingo dute. Festari emaiera emateko, 20:00etan afari-merienda egingo dute, eta iluntzea Josu Merino DJak girotuko du.