110 ikaslek parte hartu dute Hedatze proiektuaren barruan maiatzerako antolatutako tailerretan

Nerea Uranga 2023ko eka. 12a, 15:43

Altzari muntaketako tailerra.

DBHtik gorako ikasleei zuzenduta antolatu dituzte tailerrak, maila horietako ikasleak dituzten ikastetxeek, udalak eta herriko hainbat eragilek eta norbanakok elkarlanean. Tailerrak "ikasleek dituzten beharrei eta zaletasunei bide eman nahian" antolatu dituzte. Datorren ikasturtekoa prestatzen hasiko dira orain.

Bukatu dituzte Hedatze proiektuaren barruan, maiatzerako DBH1etik gorako Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako ikasleei zuzendutako tailer eskaintza zabala. Tailer eskaintza ikastetxeetako guraso taldeek, herriko hainbat eragilek eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dituzte. Maiatzerako prestatutako lehen esperientzia zabalean 110 ikaslek parte hartu dute, eta guztira, hamar zaletasun tailer egin dituzte: arkeologiako bat, Elkarguneko denda eta altzari muntaketa, eskaladako bi tailer, sukaldaritzako lau, lehen sorospenetako bat nahiz jarduera fisikoko eta kiroleko beste bat.
 
Hedatze proiektuaren barruan antolatutako zaletasun tailerren helburua ikasleek beren beharrei eta zaletasunei bide ematea eta ikastetxe desberdinetako gazteen aurrez aurreko harremana sustatzea da. Tailerretatik abiatuta, ikasleek "beren gustuko ekintzak ezagutzea", eta haiengan "jakin-mina piztea" da egitasmoaren bultzatzaileek nahi dutena: "Etorkizunean gaztetxoek beren kasa autoantolatuta aurrera eramateko gai izateko. Finean, pantailetatik haratago aisialdi eredu berri bat eraikitzea du xede martxan jarri den egitasmo berriak".
 
Hasitako bidearekin datorren ikasturtean jarraitzea da zaletasun tailerren sustatzaileen asmoa, eta dagoeneko hasi dira horretarako lanean. Aurrena, ikastetxeetako guraso elkarteetako kideak eta udala elkartuko dira balorazio sakonagoa egiteko. Horretarako, tailerrak eman dituztenekin bilerak egingo dituzte, tailer bakoitza nola joan den aztertzeko eta aurrerantzean egin ditzaketen hobekuntzak jasotzeko. Behin dena prestatuta dutenean, datorren ikasturterako asmoaren berri emango dute.

Eskaladako tailer bateko parte hartzaileak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide