Bertso saioarekin hasiko dira ostiralean Orkatz kultur elkartearen 30. urteurrena ospatzen

Julene Frantzesena 2023ko eka. 14a, 09:30

Herritar talde bat Orkatz kultur elkartearen 30. urteurreneko aurkezpenean. (Orkatz)

Maialen Lujanbio, Oier Etxeberria, Miren Artetxe eta Andoni Egaña ariko dira kantuan, 22:00etan hasita, Orkatz tabernan. Ostiralean pala txapelketaren finalak, bazkaria eta kontzertuak izango dira, eta oraindik eros daitezke otordurako sarrerak. Igandean bukatuko dituzte ospakizunak Anariren kontzertuarekin.

Ostiralean hasiko dira Orkatz kultur elkartearen 30. urteurrena ospatzen, Ez atzerantz, beste alderantz lelopean. Bertso saioa izango da Orkatz tabernan, 22:00etan hasita; Maialen Lujanbio, Oier Etxeberria, Miren Artetxe eta Andoni Egaña ariko dira kantuan, eta Jon Ander Iriondo ariko da gaiak jartzen.

Larunbatean, berriz, egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean, 11:00etan haista, pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte Frontoi Txikian, eta 14:00etan, bazkaria egingo dute Azoka Plazan; otordurako sarrerak salgai daude Orkatzen –25 euro ordaindu beharko dute helduek eta hamabost euro haurrek–. 21:30ean hasita, berriz, Nakar eta Mice taldeen kontzertuak izango dira tabernan.

Kontzertu berezi batekin bukatuko dituzte Orkatzen hiru hamarkadako ospakizun ekitaldiak. Hain zuzen ere, Anarik kontzertua eskainiko du Orkatz tabernan, 19:00etan hasita. Dagoeneko agortuta daude emanaldirako sarrera guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide