Azpeitiak eta Andoainek igande arratsaldean jokatuko dituzte Herriarteko finalerdietako itzulerako partidak

Julene Frantzesena 2023ko eka. 15a, 09:00

Azpeitia eta Larraulen arteko kanporaketako partida bat. (Aitziber Arzallus)

Izarraitz pilotalekuan izango dira norgehiagokak, 17:00etan hasita. Azpeitiak ondo bideratuta dauka finalerako txartela lortzeko kanporaketa, joaneko neurketetan lortutako 0 eta 3koa tarteko. Finala ekainaren 24an izango da Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Ikusteko dago zein izango den bigarren finalista: Ataun edo Oiartzun.

Hanka eta erdi Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean dituzte Azpeitiko pilotariek, baina oraindik, finalerako txartela ziurtatu ahal izateko, finalerdietako itzulerako partidak jokatu beharko dituzte horiek. Hain zuzen ere, Azpeitian izango dira norgehiagokak, baina ostiralean beharrean igandean jokatuko dituzte horiek; izan ere, Andoaingo kirolariek ez zuten neurketak ostiralean jokatzeko modurik.

Izarraitz pilotalekuan izango dira itzulerako neurketak, eta Andoaingo pilotariek zaila dute egoera iraultzea. Izan ere, joan zen asteburuan, joaneko partidetan, 3 eta 0 nagusitu zen Azpeitia, aise. Ilunpeko pilotariek erosotasunez lortu zuten garaipena: kadeteak 6 eta 22 nagusitu ziren, jubenilak 2 eta 22 eta seniorrak 12 eta 22.

Igandean kanporaketaren norabideari eustea lortzen badu Azpeitiak, ekainaren 24an, San Joan egunean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko den finalean izango da, beste urte batez. Ikusteko dago bigarren finalerdietatik Gipuzkoako zein herri igaroko den finalera: Ataun edo Oiartzun. Joaneko partidetan Ataun nagusitu zen, 2 eta 1 (0-22, 22-20 eta 22-16), eta beraz, bizi-bizirik dago oraindik ere lehia.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide