Bilbon aurkeztu dituzte aurten ere saninazioetako zezenketak

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 14a, 12:26

Azpeitiko Zezenzale Batzordeko Txetxu Iriarte, Joxin Iriarte eta Javier Beobide, Jorge Urizar margolariarekin eta haren kartelarekin, atzo, Bilbon. (Azpeitiko Zezenzale Batzordea)

Uztailaren 30eko, 31ko eta abuztuaren 1eko hiru zezenketekin batera, Jorge Urizarrrek 2023ko feriarako egin duen kartela ere aurkeztu du Azpeitiko Zezenzale Batzordeak. Joxin Iriarte batzordeburuaren esanetan, "batzorde hau lanean hasi zenetik osatu diren kartelik onenak" osatu dituzte aurtengorako.

Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean –San Inazio bezpera, eguna eta bigarrena– egingo dituzte aurten saninazioetako zezenketak, eta atzo aurkeztu zituen horiek Azpeitiko Zezenzale Batzordeak. Iaz bezala, Bilboko Cocherito zezenzale klubean egin zuten aurkezpena; aurtengo hiru zezenketez gain, aurten ere Jorge Urizarrrek egin duen 2023ko Azpeitiko feriaren kartela ere aurkeztu zuten atzokoan.

Joxin Iriarte Zezenzale Batzordeko buruak hartu zuen hitza aurkezpenean. Haren esanetan, "batzorde hau lanean hasi zenetik osatu diren kartelik onenak" osatu dituzte aurtengorako.

Hauek dira San Inazio jaien barruan Azpeitiko zezen plazan egingo dituzten zezenketetan parte hartuko duten toreatzaileak eta ganadutegiak:

Uztailak 30, igandea. San Inazio bezpera

  • Toreatzaileak: Diego Urdiales, Daniel Luque eta Diego Carretero.
  • Ganadutegia: Ana Romero.

Uztailak 31, astelehena. San Inazio eguna

  • Toreatzaileak: David de Miranda, Jesus Enrique Colombo eta Angel Tellez.
  • Ganadutegia: Murteira Grave.

Abuztuak 1, asteartea. San Inazio bigarrena

  • Toreatzaileak: Morante de la Puebla, Paco Ureña eta Juan Ortega.
  • Ganadutegia: La Palmosilla.

Desenkajonamendua eta sarrerak

Saninazioetako zezenketetan toreatuko dituzten zezenen desenkajonamendua, berriz, uztailaren 27an, osteguna, egingo dute zezen plazan, 18:30ean.

Zezenketetarako sarrerei dagokienez, hirurak ikusteko abonuak uztailaren 3an jarriko dituzte salgai zezen plazako leihatilan; abonuz kanpoko sarrerak, berriz, uztailaren 15etik aurrera salduko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide