Kalte ordainean oinarritutako akordioa erdietsi dute Manuel Aizpuru enpresak eta Luis Enrique Soriano zenaren familiak

Julene Frantzesena 2023ko eka. 14a, 14:19

Manuel Aizpuru enpresaren ataria.

Hilaren 26an ziren epaiketa egitekoak Donostiako lan arloko 1. zenbakidun epaitegian, baina akordioa tarteko, bertan behera gelditu da hitzordua. 2021eko uztailaren 30ean bere buruaz beste egin zuen Sorianok Manuel Aizpuru enpresan. Enpresak adierazpen bat bidali du Uztarriaren erredakziora, eta "atsekabeturik" agertu da Sorianoren heriotzagatik. Halaber, lantegiak justiziarekin "elkarlanean" aritu dela esan du, eta "atsekabea" agertu du hainbat eragilek emandako informazioak eta egindako baieztapenak tarteko.

Manuel Aizpuru SL mekanizatu enpresak eta Luis Enrique Soriano zenaren familiak kalte ordainean oinarritutako akordioa erdietsi dute epaiketaren atarian. Hilaren 26an, astelehenez, ziren epaiketa egitekoak Donostiako lan arloko 1. zenbakidun epaitegian, baina akordioa tarteko, bertan behera gelditu da hitzordua. 2021eko uztailaren 30ean bere buruaz beste egin zuen Sorianok Manuel Aizpuru enpresan –Elkar-ekin taldeak gutun baten bidez eman zuen gertatutakoaren berri, abuztuaren 7an–, eta ESK sindikatuak gertatutakoa ikertzeko salaketa jarri zuen Donostiako epaitegian, lan arloko arau hausteak atzeman zituelako. 

Gaur, asteazkena, adierazpen bat bidali du Manuel Aizpuru enpresak Uztarriaren erredakziora. Han jaso duenez, enpresa "atsekabeturik" dago Sorianoren heriotzagatik, eta "begirunea eta errespetua" ez ezik, "doluminak" adierazi dizkie enpresan bertan bere buruaz beste egin zuen beharginaren senideei eta lagunei. Halaber, familiari eta agintari eskudunei "hasiera-hasieratik laguntza eskaini" diela ere adierazi du enpresak.

Horrez gain, Manuel Aizpuru lantegiak justiziarekin "elkarlanean" aritu dela zehaztu du. "Azpeitiko epaitegiak kasua bi egunera artxibatu zuen, ez zegoelako inolako erantzukizun penalik, ez Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzarekin, ez Osalanekin. Enpresak aurre egin die eskatutako erantzukizunei (fitxaketako hutsegiteak eta aparteko orduak gainditzea). Halaber, enpresak kontratatutako aseguruak, heriotza bere instalazioetan gertatu zela ikusita, akordio bat lortu du familiarekin, kalte ordain kontzeptupean".

Enpresak aurre egin diela adierazi duen erantzukizunak arau hauste larritzak jo zituen Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak, eta horren berri eman zuen martxoan Elkar-ekin taldeak. Gainera, duela egun batzuk Sorianok sartzen zituen aparteko orduen gaineko informazioa kaleratu zuen talde horrek Uztarria.eus-en.

Enpresaren "atsekabea"

Manuel Aizpuru enpresak azaldu duenez, "atsekabez" hartu ditu hainbat eragilek "enpresa eta haren kudeatzailea aipatuz eta gertakari latzaren zuzeneko erantzule eginez" emandako informazioak eta egindako baieztapenak. "Suizidioa bezalako gertakari serio bati buruzko erabateko ezjakintasuna erakusten dute, eta arlo horretako adostasun medikoaren arabera, jendeak ez du erabakitzen bere buruaz beste egitea gertaera bakar bati erantzuteko, nahiz eta mingarria izan. Baldintza sozialek, berez, ezin dute suizidioa azaldu". Gainera, Osalanek egindako txostenak honako hau ondorioztatu zuela ekarri du gogora enpresak. "Borondatezko ekintza bat izanik, eta kausa anitzekoa, ezin da ondorioztatu laneko arrisku faktoreak izan direnik ekintza horren zuzeneko kausa".

Gertakaria jazo zenetik hona kaleratu den informazioak eta egin diren baieztapenak enpresarekin ez direla inoiz kontrastatu ere adierazi du enpresak, eta gainera, horiek "irainak eta herriko plazan kritika publikoa" eragin dutela salatu du. "Epaiketa paralelo bidegabea, enpresaren eta bertako langileen ohiko funtzionamenduari ez dagokiona". Hala eta guztiz, enpresak "sentitzen" du Soriano bere buruaz beste eginda hil izanaren "dolu legitimoa ebatsi izana", eta adierazi du hark utzitako hutsunea ez duela "ezerk" beteko. "Dolua ukaezina da, eta guztiz beharrezkoa familiarentzat, hurbilekoentzat eta Luis Enriquerekin lan egin genuenontzat".

Elkar-ekin taldeak Uztarriari jakinarazi dionez, datozen egunetan egingo du enpresak eta Sorianoaren familiak adostu duten akordioaren gaineko balorazioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide