Azoka Plazaren dinamizazioan sakontzeko akordioa egin dute udalak eta Artxara kooperatibak

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 15a, 12:35

Nagore Alkorta alkatea eta Artxarako Ioritz Aizpuru, elkarlanerako hitzarmenaren sinaduran. (Azpeitiko udala)

Azoka Plazan eskaintzen den zerbitzua "sendotzea, hobetzea eta osatzea" da hitzarmenaren funtsa.

Azoka Plaza berrituak bost urte bete dituenean, herriko eta inguruko lehen sektorearen erreferente bihurtu den gunearen dinamizazio eta sentsibilizazio jardunean sakontzeko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Artxarak, Azoka Plazako Elikagunea kudeatzen duen kooperatibak.

"Orain artean, ikastaroak, azoka bereziak zein hitzaldiak egin izan dira tarteka, baina aurrera begira, Azoka Plazaren filosofia oinarri hartuta, gai desberdinen inguruko hitzaldiak edo mahai inguruak, produktuen sustapenerako aurkezpenak eta dastaketak edo ikastaroak antolatuko dira. Hala, eskaintzen den zerbitzua sendotu, hobetu eta osatuko da", azaldu du udalak hitzarmenaren funtsa.

Akordio berria Azoka Plazaren ibilbidean "pauso garrantzitsua" dela esan du Nagore Alkorta alkateak: "Bost urteko ibilbidean izugarrizko abiadura hartu du azokak. Egunerokoari heldu eta beste erronka batzuei heltzeko garaia dela uste dugu, eta horretarako baliabideak jarriko ditu udalak". Artxarerekin ekoizleei, merkatariei zein herritarrei zuzendutako ekintzak egitea adostu dutela ere azaldu du Alkortak. "Formazioa eta sentsibilizazioa oinarri izanda, ardatz desberdinetako gaietan sakonduko dugu, eta horrek Azoka Plaza zein herritarrak aberastuko ditu", alkatearen iritziz. Aurrera begirako asmoak ez ezik, orain arte egindako bidea ere aipatu nahi izan du Alkortak, eta azken bost urteotan "egindako lana eskertu" die ekoizleei, herritarrei eta Elikaguneko kideei: "Azoka Plaza zuek egiten duzue, eta elkarrekin, indarrak batuta aurrera egiteko konpromisoa dugu guk".

Ekintza solteetatik agenda osatura

Ioritz Aizpuru Artxarako kideak, bere aldetik, udalaren laguntza eskertu du, "Azoka Plazaren bidez lehen sektorearen eta merkataritza txikiaren alde egiten duenagatik".

Akordio berriarekin zabaltzen zaizkien aukerez ere hitz egin du Aizpuruk. "Orain artean egin dugunarekin konformatu gabe, beste esparru batzuetan ere sakondu dezakegu Azoka Plazatik. Laguntza honekin, orain artean ekintza solte gisa egin ditugunetatik abiatuta, agenda oso eta osatua eskainiko dugu", azaldu du. Agenda horrek "herritarren sentsibilizazioa, ekoizleen zein kontsumitzaileen formazioa eta bertako produktuen sustapena" izango ditu oinarrian, eta helburua gauzatzeko bidean "elkarlana sustatuko eta bultzatuko" dute Artxarakoek herriko, eskualdeko zein Euskal Herri osoko hainbat eragilerekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide