Gaur hasiko da nesken kimu mailako Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 16a, 09:30

2022ko Azpeitia Cupeko argazki bat. (Uztarria)

Gaurtik igandera jokatuko da, Garmendipeko futbol zelaietan. Espainiako, Galiziako eta Euskal Herriko 28 talde elkartuko dira, aurtengoan lehenengo aldiz jokatuko den kimu nesken mailan.

Garmendipeko zelaiak futbolez bete zituen aurreko astean jokatu zen kimu mutilen Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketak, eta aurten lehenengo aldiz kimu nesken futbol taldeak bilduko dituen txapelketa jokatuko dute, gaur hasi eta igandera bitartean. Espainiako, Galiziako eta Euskal Herriko 28 talde elkartuko dira asteburuan Azpeitian. Besteak beste, Real Madrilek, Atletico Madrilek, Realak, Athleticek, Osasunak, Valentziak eta Rayo Vallecanok jokatuko dute.

Gaur 18:00etan ekingo diete partidei Garmendipeko zelaietan, 20:00ak arte. Bihar, 09:30ean berrekingo diote lehiari, eta goizeko txanda 12:30ean amaituko dute. 13:00etan bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean eta Uranga jatetxean, eta 15:30ean, taldeak aurkeztuko dituzte desfile batekin. Aurreko astean mutilei egin zieten bezala, neskei ere aurreskua dantzatuko diete, atzerriko taldeei "euskal ohituren berri" emateko asmoarekin. 16:30ean berrekingo diete partidei, 19:30ak arte.

Igandean, txapelketaren amaierako fasea jokatuko dute aurreko egunetan onenak izan direnek. 09:00etan hasiko dituzte partidak; 12:15ean, kopa txapelketaren eta liga txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte; 13:00etan, kopa txapelketaren finala jokatuko dute, eta liga txapelketaren finala, 13:30ean. Kimu nesken txapelketako sari guztiak 14:15ean hasiko den ekitaldian banatuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide