Hasi da kimu nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup futbol txapelketa

Ihintza Elustondo 2023ko eka. 16a, 18:28

Lehen aldiz ari dira jokatzen kimu nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa. Gaurtik igandera bitartean arituko dira gaztetxoak futbolean, Garmendipeko zelaietan. Espainiako, Galiziako eta Euskal Herriko 28 talde elkartuko dira.

Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren harira, haurren eta gaztetxoen txapelketak jokatzen ari dira azkenaldian Garmendipen. Joan zen astean, kimu mutilen txanda izan zen, eta gaur, lehen aldiz, kimu nesken txapelketari ekin diote. Espainiako, Galiziako eta Euskal Herriko 28 talde elkartuko dira asteburuan Azpeitian. Besteak beste, Real Madrilek, Atletico Madrilek, Realak, Athleticek, Osasunak, Valentziak eta Rayo Vallecanok jokatuko dute.

Gaur 18:00etan ekin diete partidei Garmendipeko zelaietan, eta 20:00ak arte ariko dira futbolean. Bihar, 09:30ean berrekingo diote lehiari, eta goizeko txanda 12:30ean amaituko dute. 13:00etan bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean eta Uranga jatetxean, eta 15:30ean, taldeak aurkeztuko dituzte desfile batekin. Aurreko astean mutilei egin zieten bezala, neskei ere aurreskua dantzatuko diete, atzerriko taldeei "euskal ohituren berri" emateko asmoarekin. 16:30ean berrekingo diete partidei, 19:30ak arte.

Igandean, txapelketaren amaierako fasea jokatuko dute aurreko egunetan onenak izan direnek. 09:00etan hasiko dituzte partidak; 12:15ean, kopa txapelketaren eta liga txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte; 13:00etan, kopa txapelketaren finala jokatuko dute, eta liga txapelketaren finala, 13:30ean. Kimu nesken txapelketako sari guztiak 14:15ean hasiko den ekitaldian banatuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide