Jolasa eta jaia uztartuz, ikasturte amaierako festak egin dituzte Karmelo Etxegarain eta Ikasberrin

Aitziber Arzallus eta Nerea Uranga 2023ko eka. 16a, 19:22

Karmelo Etxegarain 17:00etan ekin diote festari; Ikasberrin, berriz, goizean goizetik jarduera bereziak izan dituzte. Jolasaz eta jai giroaz gozatu ostean, bietan afariarekin eta musika saioarekin emango diote bukaera festa egunari.

Ez da asko falta aurtengo ikasturtea bukatzeko, eskolako materiala bildu eta udaz gozatzeko, eta gaur, ostiralez, 2022-2023 sasoiari bukaera emateko festak egin dituzte Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Ikasberrin, goizean goizetik ekin diete ezohiko jarduerei; 09:30etik 13:00etara, mendi irteerak, jolasak eta abar egin dituzte, eta gurasoak ere gonbidatu dituzte horietan parte hartzera. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 18:15era, jolasak eta bestelako ekintzak egin dituzte ikastolako jolastokian, eta puzgarriak ere jarri dituzte. Besteak beste, patata tortilla lehiaketa egin dute; hamalau taldek parte hartu dute, 50 bat ikaslek. Gero, 18:15ean, txaranga gazteak emanaldia eskaini du, eta 18:30etik 19:30era, ekitaldia egin dute. Ekitaldi horretan, besteak beste, orla banaketa egin dute. 19:30etik 20:00etara, berriz ere puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute haurrek; eta 20:00etan, txotxa zabalduko dute. Festari bukaera emateaz, Skapaie elektrotxaranga arduratuko da.

Karmelo Etxegarain, berriz, 17:00etan ekin diote jaiari. Ordu horretatik aurrera, Perdillegiko eraikineko ingeleseko gelan itzalekin jolasean aritzeko aukera izan dute HHko eta LHko haurrek; gimnasioan, dantza mordernoa egiteko aukera izan dute –LHkoek 17:00etatik 17:45era eta HHkoek 18:00etatik 18:45era–; eta Mugi-Mugi gelan yoga egiteko aukera izan dute –4 eta 6 urte artekoek 17:10etik 17:30era, 7 eta 9 urte artekoek 17:30etik 18:00etara ea 10 urtetik gorakoek 18:00etatik 18:45era–. Horien ostean, 19:00etan, trikitilariekin kalejira egin dute Perdillegiko eraikinetik Urola Ikastolara, eta 19:15ean, LH 6koak agurtu dituzte. Ekitaldia bukatzeko, dantza modernoko ikasleek dantza egin dute. Festari emaiera emateko, 20:00etan afari-merienda egingo dute, eta iluntzea Josu Merino DJak girotuko du. Guztira, 700 lagunetik gora elkartuko dira afaltzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide