Julen Urangak irabazi du Treparriscos txirrindularitza lasterketa

Ihintza Elustondo 2023ko eka. 17a, 15:54

Julen Uranga erdian, Treparriscosen podiuma osatu duten beste bi txirrindulariekin.

Bi ordu eta 24 minutu behar izan ditu lasterketaren 85 kilometroak osatzeko. Oier Ibarguren, bestalde, zortzigarren sailkatu da Quebrantahuesos proban.

Quebrantahuesos eta Treparriscos txirrindularitza proba entzutetsuak jokatu dituzte gaur Huescan (Espainia), eta Julen Uranga azpeitiarrak irabazi du Treparriscos lasterketa. Orain arte Quebrantahuesos –198 kilometro– proba luzea egin izan du Urangak, baina aurten Treparriscos proba laburragoan –85 kilometro– parte hartzea erabaki du. Guztira, bi ordu eta 24 minutu behar izan ditu lasterketaren 85 kilometroak osatzeko. Bigarren Daniel Lopez sailkatu da, minutu bat geroago helmugaratuta, eta Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) Andoni Egiguren sailkatu da hirugarren.

Hasieran, zortzi bat txirrindularik ihes egin dutela nabarmendu du Urangak, eta lehen portua laurek igo dutela. Ondoren, berriro elkartu dira, eta gero, bigarren portua, Petralba, igo behar izan dute; nahiko erabakiorra izan da portu hori. Igoera horretan, atakera jo du bigarren txirrindulariak, eta harekin alde egin du Urangak; bukaeran, Urangak ihes egin dio hari, eta helmugara iristen aurrena izan da. Pozik agertu da txirrindularia egindako lorpenarekin. "Gozatu egin dut, eta orain, ospatzeko ordua da", adierazi du.

Imanol Arizmendi Azpeitiko bizilagunak eta Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarrak, bestalde, Quebrantahuesos proban parte hartu dute, eta laugarren eta zortzigarren postuan helmugaratu dira, hurrenez hurren. Lasterketa hori Alejandro Valverdek irabazi du, eta gainera, errekorra ezarri du; 5.14:32 denbora behar izan du hark probaren 198 kilometroak egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide