Espainiako Lehen Mailara igo da Jon Guridi Alaves taldearekin

Andoni Elduaien 2023ko eka. 18a, 09:37

Guridi, eskuinean, Villalibre atzoko golegilearekin. (Alaves)

Gasteizko futbol taldea Espainiako Lehen Mailara itzuli da atzo, larunbata, Levante taldearen aurka 0-1 irabazita. Bi taldeek luzapenera eraman zuten neurketa arauzko 90 minutuak hutsean amaitu ondoren. Luzapeneko 129. minutuan penaltiz egin zuten igoera lortzeko gola babazorroek. 

Jon Guridi futbol jokalari azpeitiarra Espainiako Lehen Mailara igo da Gasteizko Alaves taldearekin. Atzo, larunbata, 0-1 irabazi zuen Levante taldearen aurka Valentziako (Herrialde Katalanak) Ciutat de Valencia futbol zelaian. Neurketaren arauzko 90 minutuak hutsean berdindu eta gero, luzapenera iritsi zen partida. Ordea, igoera lortzeko gola azken hondarrean egin zuen Gasteizko taldeak. Hain justu, partidako 129. minutuan eta penaltiz gauzatu zuen Asier Villalibrek babazorroei igoera eman zien gola.

Zuzenean mailaz igotzeko aukerarik gabe gelditu zen Gasteizko taldea, sailkapeneko laugarren postuan amaitu zuen-eta liga txapelketa, baina igoera faseko postuetan sailkatuta, mailaz igotzeko borroka egiteko aukera izan dute babazorroek. Fase horretara sailkatuta, aurreneko kanporaketan Eibar utzi zuten kalean. Igoera faseko finalean, berriz, Levante taldea izan dute aurkari. Joan den igandean jokatutako joanekoan, hutsean berdindu zuten partida Gasteizko Mendizorrotza zelaian, eta atzo, 0-1 irabazita, mailaz igo da Guridiren Alaves.

Gasteizkoek urtebete eskas egingo dute Espainiako Bigarren Mailan, iaz galdu baitzuten Lehen Maila. Uda horretan Reala utzi zuen azpeitiarrak, eta Gasteizerako bidea hartu zuen, lau urteko kontratua sinatuta. Jokalari garrantzitsua izan da Guridi aurten Alavesen; guztira, 42 norgehiagoka jokatu ditu hark talde horretan, horietatik 36 hasierako hamaikakoan. Datorren denboraldian Espainiako maila gorenean aritzeko aukera izango du hark.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide