Bilboko hilketa matxista salatu dute hainbat lagunek plazan

Ihintza Elustondo 2023ko eka. 18a, 14:06

Hainbat lagunn, Bilboko hilketa matxista salatzeko eguerdian egin duten elkarretaratzean. (Maialen Etxaniz)

Ostegunean Bilbon izan zen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdian plazan, Urola Erdiko Itaiak deituta, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean. Antolakundeak "babes eta elkartasun osoa" adierazi dizkie eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.

Joan zen ostegunean, 28 urteko gizonezko batek 89 urteko izeba hil zuen Bilbon, eta hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian plazan, Itaiak deitua. Emakumeen antolakundeak 13:00etarako egin du deialdia, eta hainbat lagun bertaratu dira, Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean.

Elkarretaratzearen ondoren egindako irakurketan, Urola Erdiko Itaiak nabarmendu du "gogor salatzen" duela gertakaria, eta "babes eta elkartasun osoa" adierazten diela eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei. "Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogi dira bizi dugun errealitate sozialean. Horren adibide da aipatutako erailketa, baita azken hilabetean jazotako Orioko eta Gasteizko beste bi kasuak ere". Sanjuandegiko festetan jazotakoak ere izan dituzte hizpide: "Ezin aipatu gabe utzi duela bi aste Azpeitiko Sanjuandegiko festetan izandako gertakariak: jazarpenak, komentario lizunak, ukituak...". Itaiak adierazi du "etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen eta norma kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea" sortzen duela. Hori dela eta, "emakume langileen zaurgarritasun egoera baliatuta", haien aurkako erasoak "etengabeak" direla azpimarratu dute.

Egoera horren aurrean, Itaiak azaldu du "ezinbestekoa" dela "indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak hedatzea, emakume langileen aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakumeak egoera horretatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatzea". Antolakundeak horretan lanean jarraitzeko "konpromiso osoa" adierazi du. "Indarkeria matxista orori aurre egin", esanez amaitu dute mobilizazioa.

(Argazkia: Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide