Madrid taldeak irabazi du Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa

Ihintza Elustondo 2023ko eka. 18a, 17:06

Valladolidi 2 eta 1 irabazita eskuratu du garaipena Madridek kimu nesken finalean. Kopa txapelketan, Mulier nagusitu da, eta Anaitasuna sailkatu da bigarren. Txapelketak 28 talde batu ditu asteburuan Azpeitian.

Kimu nesken Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa jokatzen aritu dira egunotan Garmendipeko zelaietan, eta gaur, igandea, erabaki dira zein diren edizio honetako irabazleak. Madrid izan da liga txapelketako garailea, Valladolidi finala 2 eta 1 irabazita. Kopa txapelketan, bestalde, Mulier nagusitu da, eta Anaitasuna sailkatu da bigarren; 0 eta 3 irabazi dio Mulierrek finala Azkoitiko taldeari. Afiziorik onenaren saria, berriz, Valentziak eskuratu du. Atezainik onenaren saria Valentziako Sara Lopezentzat izan da, eta jokalari onenarena Madrid taldeko Andrea Fernandezentzat.

Ostiralean hasi zituzten Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketako neurketak. Espainiako, Galiziako eta Euskal Herriko 28 talde elkartu dira asteburuan Azpeitian; besteak beste, Real Madrilek, Atletico Madrilek, Realak, Athleticek, Osasunak, Valentziak eta Rayo Vallecanok parte hartu dute lehian.

Ostiralean eta larunbatean hainbat neurketa jokatu ostean, txapelketaren amaierako fasea jokatu dute gaur aurreko egunetan onenak izan direnek. 09:00etan hasi dituzte partidak; 12:15ean, kopa txapelketaren eta liga txapelketaren finalerdiak jokatu dituzte; 13:00etan, kopa txapelketaren finala jokatu dute, eta liga txapelketaren finala, 13:30ean. Ondoren banatu dituzte aurten lehen aldiz jokatu den kimu nesken txapelketako sari guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide