Iazko final bera, Herriarteko Txapelketaren eskuzko finalean

Andoni Elduaien 2023ko eka. 18a, 19:48

Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariek aise menderatu dute Andoainen aurkako finalerdietako kanporaketa. Joanekoan bezala, itzulerakoan ere kadeteen, gazteen eta nagusien mailako partidak irabazi dituzte azpeitiarrek. Iaz bezala, Oiartzunen aurka jokatuko dute finala datorren larunbatean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Finala zuzenean ikusi ahal izango da Erlo Telebistan eta Uztarria.eus-en.

Azpeitia Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren eskuzko finalean da. Gaur, igandea, Andoainen aurkako itzulerako partidak jokatu dituzte Izarraitz pilotalekuan, eta joanekoan bezala, azpeitiarrek aise atera dituzte aurrera hiru partidak. Hori horrela, datorren larunbatean Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko den finalean da Azpeitia. Hain justu, iazko final bera errepikatuko da aurten ere: Azpeitia-Oiartzun. Izan ere, Oiartzunek Ataunen aurkako kanporaketa irauli du-eta asteburuan.

Kadeteen mailan, Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek 22-8 irabazi dute; gazteen mailan, Beñat Labaka eta Urtzi Egiguren 22-2 nagusitu dira, eta nagusietan, Iker Egigurenek eta Josu Labakak 22-6 menderatu dute Andoaingo bikotea. Joanekoan bezala, gaur ere hiru partidak irabazi dituzte Ilunpeko pilotariek, eta beraz, 6-0 irabazi dute azpeitiarrek kanporaketa.

Datorren larunbatean, ekainak 24, jokatuko dute Herriarteko Txapelketaren eskuzko finala Atano III.a pilotalekuan, 16:30ean hasita. Hain justu, aurten ere finala zuzenean ikusi ahal izango da Erlo Telebistan eta Uztarria.eus-en. Aurrez, asteartean, entrenamendu saioa egingo dute Ilunpekoek frontoi horretan bertan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide