Musika, dantza eta sua izango dira plazako protagonistak San Joan bezperan

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 20a, 12:28

San Joan sua plazan, iaz.

Itsasi euskal kultur taldeak girotuko du herriko plaza ostiralean, 22:00etatik aurrera. Hainbat dantza egingo dituzte herritarren aurrean, eta ondoren, sua piztuko dute.

San Joan bezpera izango da ostiralean, ekainak 23, eta egun horretan ohikoa den moduan, sua piztuko dute Azpeitiko plazan. Itsasi euskal kultur taldeko kideak arduratuko dira sua piztu aurretik herriko plazan giroa jartzeaz. 22:00etan hasita, hainbat dantza tradizional egingo dituzte han biltzen diren herritarren aurrean, eta ekitaldiaren bukaeran, herritarrak ere dantzara gonbidatuko dituzte.

Plazakoa ez da izango San Joan bezperan herrian izango den ekitaldi bakarra. Urrestillan sanjoanei hasiera emateko pregoia irakurriko dute eta suziria botako dute 21:00etan, eta ondoren, herri afaria egingo dute. Gauerdian, San Joan zuhaitza sartuko dute, eta handik orduerdira sua piztuko dute. Suaren inguruan dantzaldia egingo dute, eta jarraian, erromeria izango da Laket taldearekin. Urrestillako sanjoanetako egitarau osoa, hemen.

Oñatzen, berriz, San Joan festarik ez dute ospatuko aurtengoan, baina sua piztuko dute ostiralean, eta meza egingo dute zapatuan 11:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide