Udazkenerako hainbat kultur ekitaldi iragarri ditu Kulturazek

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 21a, 11:00

Lide Hernando, Liher taldeko abeslaria eta gitarra, 2020ko urriaren 17an Soreasu antzokian eman zuten kontzertuan. (Kulturaz)

Ibil Bedi, Brigade Loco, Liher eta Azione Diretta dira irailetik azaro bukaera bitartean Sanagustingo oholtzara igoko diren hamar taldeetako batzuk; Hitzaren Eskolaren egitasmo berrituak eta soinu tailer berriak ere irailean ekingo diote bideari. Txisteratik magia jaialdia, Atzegiren arte erakusketa eta Tu-Tum, Platz! bakarrizketa saioa ere udazkenarekin iritsiko dira.

Uda hastearekin batera iragarri du Kulturaz kooperatibak irailetik azaro bukaera bitartean herrian izango den kultur eskaintzaren aurrerapena. Horiek entzuteko, ikusteko eta gozatzeko parada izango da uda ostean Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian zein herriko kaleetan.

Musikari dagokionez, Sanagustineko udazkeneko kontzertu eskaintzaren aurrerapenean bost hitzordu eta hamar talde ageri dira: Mice, Ginger, Ibil Bedi, Ithaka, Birds Are Indie, Soma Cult, Azione Diretta, Brigade Loco, Liher eta Sua izango dira Sanagustineko oholtza gainean arituko diren taldeak. Kontzertu guztiak 22:30ean hasiko dira.

Txisteratik magia jaialdia, Tu-tum, platz! Jon Plazaolaren bakarrizketa saioa eta herriko eragileen erakusketak ere izango dira besteak beste. Bestalde, urtero bezala, azaroan Antzerki Topaketak egingo dituzte, Azpeitiko Udalak antolatuta.

Udazkenean ekingo diote Kulturazek antolatutako beste hainbat ekimeni ere: Dinamoa sormen gunean Hitzaren Eskolaren laugarren edizioari ekingo diote Amets Aranguren, Itziar Ugarte, Irati Gorostidi eta Joseba Sarrionandiaren eskutik. Izen emate epea uztailaren 7an amaituko da. Soinu tailerrak ere antolatu dituzte eta, gainera, Arkupehotsaken edizio berria egingo dute. Gorputzaren eremuan, berriz, gaztetxoen antzerki tailerrez gain, helduen Antzerki Sormen Laborategia jarriko dute martxan. Udazkenean Dinamoan sormen egonaldiak egiteko izen emate epea ere irekita dago uztailaren 16a arte. Gainera, herriko ikastetxeekin elkarlanean, Txinaurriak proiektuari jarraipena emango diote datorren ikasturtean.

Udazkeneko egitaraua. (Kulturaz)

Sarrera gehienak eskuragarri

Aipatutako kontzertu eta ekitaldi gehienetarako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Kulturazen webgunean.

Iragarritako horiek datorren udazkeneko eskaintzaren aurrerapena direla zehaztu du Kulturazek, datak gerturatu ahala, kultur ekitaldi gehiagoren xehetasunen berri emango duela gaineratuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide