Lau ikuskizunek osatuko dute aurtengo Azpeitia Dantzan jaialdia

Nerea Uranga 2023ko eka. 21a, 09:43

Azpeitia Dantzanen aurkezpenean taldeetako ordezkariak eta Aitor LarraƱaga zinegotzia. (Azpeitiko Udala)

Dantza Suelto Eskolak, Ikasberriko gurasoen dantza taldeak eta Juan Antxieta musika eskolak eskainiko dute emanaldia zapatuan, 19:00etan, Soreasu antzokian. Lau saioetarako sarrerak eskuragai daude.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan lau dantza emanaldi izango dira aurten, datorren larunbatetik uztailaren 16ra. Lau ikuskizunak Soreasu antzokian izango dira, 19:00etan hasita. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa da, baina aurrez gonbidapena hartu beharko da Kulturaz.eus webgunearen bidez.

Aitor Larrañaga zinegotziak eskerrak eman dizkie dantzaren bueltako jaialdian parte hartuko duten taldeei: "Urte osoan egiten duzuen inurri lanaren isla izango dira oraingo ikuskizun hauek". Taldeek dantzaren "irakaskuntzan, transmisioan eta sorkuntzan" egiten duten lana goraipatu du Larrañagak, eta lan hori herriarentzat "oso garrantzitsua" dela esan du.

Zapatuan izango da lehen dantza emanaldia, eta egun horretan, Luix Alberdi Beltza 40 urtez dantza irakasle lanetan ibili dela eta Juan Antxieta musika eskolak 40 urte bete dituela ospatzeko saioa eskainiko dute musika eskolak, Dantza Suelto Eskolak eta Ikasberriko gurasoen dantza taldeak. Ehun bat lagunek parte hartuko dute ordu eta erdiko emanaldian; 19:00etatik 20:30era artekoa izango da. Banakoarekin eta Ikurrin dantzarekin hasiko dute ikuskizuna, eta musika saioak tartekatuko dituzte Gipuzkoako, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko dantzen artean. Alberdik azaldu duenez, "koreografia zaharrak eta berriak" uztartuko dituztela zapatuko saioan.

Azpeitia Dantzaneko bigarren saioa uztailaren 2an izango da. Orduan, Sahatsa dantza taldeak Oi Lur dantza ikuskizuna eskainiko du, Julian Barrenetxea abesbatza, Azketa taldea, Lazkaoko Kantata, Ormaiztegiko Urmaiz eta Donostiako Aita Donostia abesbatzako kideak bidelagun dituela. Baserri munduan girotutako lan artistikoa da Sahatsak oholtzaratuko duena; iazko azaroan estreinatu zuen Oi Lur ikuskizuna Azkoitiko Baztartxo antzokian; orduan, Iraurgi abesbatzak. eta Azkoitiko Musika Bandak lagunduta.

Uztailaren 9an areto dantzak izango dira nagusi Soreasun, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako dantzariak protagonista direla.

Aurtengo Azpeitia Dantzan jaialdiaren egitaraua Itsasi dantza taldearen emanaldiarekin bukatuko da, uztailaren 16an. Euskal dantza tradizionalekin osatutako ikuskizuna eskainiko dute Itsasiko dantzari nahiz musikariek.

Egitaraua

Ekainak 24, zapatua

19:00. Luix Alberdi Beltza 40 urtez dantza irakasle lanetan ibili dela ospatzeko dantza emanaldia izango da. Emanaldian Juan Antxieta musika eskolak, Dantza Suelto Eskolak eta Ikasberriko gurasoen dantza taldeak parte hartuko dute.

Uztailak 2, igandea

19:00. Sahatsa dantza taldeak Oi Lur dantza ikuskizuna eskainiko du, Azpeitiko Udal Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea abesbatzaren laguntzarekin.

Uztailak 9, igandea

19:00. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen areto dantzen ikuskizuna izango da.

Uztailak 16, igandea

19:00. Itsasi dantza taldearen emanaldia izango da.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide