Azpeitiko Udala hasi da dagoeneko Santio eta San Inazio jaietarako egitarauak ixten, eta gaur jakinarazi ditu zein musika taldek eskainiko dituzten kontzertuak festa horien bueltan. Izen handiko taldeak izango dira aurtengo jaietan, hala nola Bulego, Chambao eta Nogen.
Gainera, herriko musikariek ere izango dute beren lekua agertokietan: Deñe, Piztiak, The Cure Sans eta Ukabil taldeek kontzertuak emango dituzte. Horrez gain, DJ emanaldia nahiz Pantxoa Karrereren, Puro Relajoren nahiz Leokk taldearen kontzertuak ere izango dira.
Orotara, dozena talde inguruk eskainiko dituzte kontzertuak uztailaren 22tik abuztuaren 1era bitartean, eta herriko hainbat lekutan jarriko dituzten agertokietan ariko dira horiek.
Honako hau da kontzertuen egitaraua:
Uztailak 22, zapatua
Nogen taldearen emanaldia, Perez Arregi plazan.
Uztailak 28, ostirala
Leokk eta Deñe, Balentina Agirre plazan.
Uztailak 29, zapatua
Piztiak, The Cure Sans eta Ukabil taldeen emanaldiak, Perez Arregi plazan.
Uztailak 30, igandea
Josu DJaren emanaldia, plazan.
Pantxoa Karrereren emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.
Uztailak 31, astelehena
Chambao taldearen kontzertua, plazan.
Puro Relajo taldearen emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.
Abuztuak 1, asteartea
Bulego taldearen kontzertua, plazan.