Urrestillan hasiko da esku pilotako profesionalen Caixabank Mastersa, uztailaren 21ean

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 28a, 09:10

Urrestillako Txikuri pilotalekua. (Mailo Oiarzabal)

Aspe eta Baiko enpresetako pilotariek bikoteak nahasian osatuta jokatuko dute torneoaren edizio berrian ere. Urrestillako lehen jardunaldian, Peñak eta Rezustak Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute.

Aurten San Joan jaien bueltan urtero antolatu ohi duten pilota jaialdirik ez da egin Urrestillan, baina datorren hilean goi mailako pilotariekin hitzordua izango dute pilotazaleek Txikuri pilotalekuan. Izan ere, Urrestillako frontoiak hartuko du, uztailaren 21ean, Caixabank Masters torneoaren edizio berriaren lehen jardunaldia. Joan den astean aurkeztu zuten, Bilbon, Aspe eta Baiko enpresetako pilotariek bikoteak nahasian osatuta jokatuko duten torneoa. Gainerako egutegia zehazteke, lehen jardunaldiarekin batera, aurreratu dute finala urriaren 1ean izango dela, Iruñeko Navarra Arenan.

Sei bikote lehiatuko dira 2023ko Caixabank Mastersean: Elordi-Albisu, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a, Peña II.a-Rezusta, Altuna III.a-Imaz, Jaka-Martija eta Larrazabal Zabaleta. Bost jardunaldiko sailkapen ligaxka batek, play-offek, finalaurrekoek eta finalak osatuko dute torneoa. Urrestillan, uztailaren 21ean, Peñak eta Rezustak Ezkurdiaren eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute. 22:00etan hasiko den jaialdiaren partida nagusia izango da hori; jaialdiko lehen neurketan, Jon Alberdik eta Iztuetak Julen Egigurenen eta Eskuzaren kontra jokatuko dute.

Jaialdirako sarrerak Bixker erretegian jarriko dituzte salgai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide