Joan zen larunbatean Azpeitiko udalbatza berria eratu ostean, astelehenean egingo dute udal ordezkariek 2023-2027 agintaldiko bigarren ezohiko bilkura. Udalaren antolaketa izango dute hizpide 19:00etan hasita udaletxeko areto nagusian egingo duten bilkuran.
EH Bilduk osatuko du Udal Gobernua hurrengo agintaldian ere, baina udalaren antolaketako erabakiak astelehenean hartuko dituzte. Hain zuzen ere, besteak beste, udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa, ordainsarien zehaztapena, Bozeramaileen Batzordea osatzea eta udalaren menpeko erakundeetarako ordezkariak izendatzea izango dituzte hizpide.
Honako hau da asteleheneko udalbatzarreko gai zerrenda:
1.- Udalbatzak 2023ko ekainaren 17an egindako bilkuraren akta onartzea.
2.- Udalbatza osoaren ohiko saioen aldizkakotasuna.
3.- Udal talde politikoen osaketaren, horietako kideen eta bozeramaileen berri ematea.
4.- Bozeramaileen Batzordea eratzea.
5.- Gobernu Batzarraren eraketaren, osaketaren eta alkateordeen izendapenen berri ematea.
6.- Informazio batzorde iraunkorrak.
7.- Erakundeetan ordezkariak izendatzea.
8.- Hautetsien arduraldi erabatekoaren nahiz partzialaren eta horien ordainsarien araubidea.
9.- Udalean duten karguan aritzeagatik, udalbatzako kideen eta udaleko talde politikoen ordainsariak eta kalteordainak.
10.- Alkatetzak emandako delegazio ebazpenak: 2023ko ekainaren 17ko ordezkaritza berezia, Kirol Patronatuaren lehendakaritzaren eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren ehendakaritzaren ordezkapena, herriko auzoetako ordezkapena, organoetan ordezkapenak.
11.- Udalbatzak Tokiko Gobernu Batzarrari bere eskumenak eskuordetzea.