Estitxu Elduaien izendatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiko bigarren lehendakariorde

Julene Frantzesena 2023ko eka. 23a, 16:20

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko kideak –eskuinetik bigarrena, Elduaien–. (Gipuzkoako EH Bildu)

Gaur osatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahaia, eta Xabier Ezeizabarrenak hartu du lehendakari kargua. Mahaiko gainerako karguak beste alderdietako kideen esku gelditu dira; EH Bilduko Elduaien izango da bigarren lehendakariordea.

Gaur osatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusien Mahaia, eta Xabier Ezeizabarrenak hartu du lehendakari kargua. Ezezeizabarrena jeltzaleak gehiengo osoa lortu du –EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkarien 27 boto eskuratu ditu–, eta EH Bilduk Zelai Amenabarro aurkeztu du lehendakari kargurako –hark EH Bilduko eta Elkarrekineko kideen 24 boto jaso ditu–.

Mahaiko gainerako karguak beste alderdietako kideen esku gelditu dira. Hain zuzen ere, lehendakariordea izango da Jesus Zaballos sozialista, eta bigarren lehendakariordea, berriz, Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkide azpeitiarra. PPk, berriz, lehen idazkaritza lortu du EAJren eta PSE-EEren botoekin, eta Jorge Mota izango da ordezkaria. Bigarren idazkaria, berriz, Elkarrekineko Marivi Eizagirre izango da.

Gainera, gaur egin dute agintaldiko lehen bilkura Gipuzkoako ganberan, eta han izan dira batzarkide guztiak; EAJko ordezkarien artean da Amaia Etxeberria aurreko agintaldian Azpeitiko Udalean EAJren bozeramaile izan dena.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduk du gehiengoa, 22 batzarkiderekin. Atzetik daude EAJ (17) , PSE-EE (7), PP (3) eta Elkarrekin (2). Datorren astean erabakiko dute zein izango den Gipuzkoako Ahaldun Nagusia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide