Luis Alberdi 'Beltza'-ren dantza eskolak 40 urte bete dituela ospatzeko emanaldiarekin hasi da Azpeitia Dantzan

Julene Frantzesena 2023ko eka. 25a, 10:00

Beltzaren dantza suelto eskolako nahiz Ikasberri Ikastolako gurasoen dantza taldeko kideek parte hartu zuten emanaldian, baita Juan Antxieta musika eskolako kideek ere. Ekitaldiaren bukaeran aitortza jaso zuen Beltzak, baita musika eskolako zuzendari Mari Jose Bikendik ere. Datorren asteburuan jarraituko du Azpeitia Dantzanek.

Atzo, larunbatez, hasi zen Azpeitia Dantzanen aurtengo edizioa. Luis Alberdi Beltza 40 urtez dantza sueltoko irakasle lanetan aritu dela ospatzeko emanaldia eskaini zuten haren ikasleek nahiz Juan Antxieta musika eskolako kideek. Jendetza izan zen Soreasun, eta askotariko dantzak eskaini zituzten suelto eskolako nahiz Ikasberriko gurasoen dantza taldeko dozenaka dantzarik.

Ekitaldiaren bukaeran aitortzetarako tartea izan zen. Urolakoen Napar Susterrak taldeko Manuel Agirretxek bertsoa eskaini zion Beltzari, eta hark nahiz taldeko beste kide batek oroigarriak eman zizkieten hari. Ondoren, Ikasberri Ikastolako gurasoen dantza taldeko ordezkariak igo ziren agertokira, eta haiek ere egin zioten aitortza Beltzari.

Segidan, Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolako zuzendariak eta Beltzak, biek jaso zuten aitortza, zehazki, Azpeitiko Udalarena; lore sorta bana eman zieten Aitor Larrañaga eta Leire Sarasua zinegotziek. Ekitaldia, nola ez, dantzan bukatu zuten dantza ikasleek, Soreasu antzokira joandako herritar ugariren txalo artean.

Datozen asteetan segituko du Azpeitia Dantzan egitasmoak. Uztailaren 2an, larunbata, izango da hurrengo emanaldia, Sahatsa dantza taldearen eskutik. Hilaren 9an, berriz, Jose Mari Orbegozoren areto dantzen eskolako kideen txanda izango da, eta uztailaren 16an, berriz, Itsasi dantza taldearena. Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke emanaldi horietarako doako gonbidapenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide