Giro bikaina Euskal Herriko Skate Txapelketaren goizeko saioan

Julene Frantzesena 2023ko eka. 25a, 13:42

Goizean hasi da lehia, federatu gabeko umeen eta gaztetxoen saioekin; azpeitiarrak ere izan dira tartean. Arratsaldean, berriz, federatuen txanda izango da; hamabost kirolari ariko dira lehian, 16:00etan hasita.

Euskal Herriko Skate Txapelketa ari dira jokatzen gaur, igandearekin, Izarraitz skate parkean. Goizean hasi da lehia, federatu gabeko umeen eta gaztetxoen saioekin; azpeitiarrak ere izan dira tartean. Giro bikaina izan da skate parkean, herritar ugari joan baita hara kirolari gaztetxoak animatzera.

Bi moldalitatetako sari banaketa ere egin dute eguerdian. Hain zuzen ere, 10 urtez azpikoen street modalitatean Roberto Yedra izan da nagusi. Bigarren egin du Markel Rodok, eta hirugarren, berriz, Izan Calvok. 10 urtetik beherakoen bowl modalitatean, berriz, Yerai Aranguren azpeitiarra izan da garailea. Markel Rodo izan da bigarrena, eta Izan Calvo hirugarrena.

Arratsaldean segituko du lehiak. Hain zuzen ere, federatutako skaterren txanda izango da, 16:00 aldean hasita. Orotara, hamabost kirolari federatuk parte hartuko dute hitzorduan.

Izatez, Izarraitz skate parkearen lehen urteurrenaren  barruan, ekainaren 11n ziren txapelketak egitekoak, baina eguraldi txarra tarteko, bertan behera utzi zituzten. Federazioak hala erabakita, gaur ari dira txapelketak egiten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide