Igor Albizuri eta Ivet Astiazaran nagusi, Elgoibarko pala txapelketan

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 25a, 16:16

Albizu eta Astiazaran txapeldunak, Azpeititik eurak animatzera joandako lagun kuadrillarekin. (Barren)

Azpeitiko bikoteak Elgoibarko bikote bat izan zuen aurrez aurre finalean, eta partida gogorra lehiatuta eta 22 eta 20ko emaitzarekin lortu zuen txapela janztea. Albizuri eta Astiazaran lagun kuadrilla hartuta joan ziren Elgoibarrera, eta lagun horiek jaialdiari eman zioten ukitua nabarmendu du Elgoibarko Barren hedabideak.

Igor Albizuri eta Ivet Astiazaran azpeitiarrek irabazi dute Elgoibarko Lagunak Pilota Eskolak antolatzen duen pala txapelketa. Ostiral arratsaldean jokatu zuten finaleko partida Ander Conde eta Sergio Martinez elgoibartarren kontra, eta bi tantoko aldearekin, 22 eta 20 eginda, azpeitiarrentzat izan zen txapela.

Norgehiagoka estua eta gogorra izan zen. Azpeitiarrak 4-0 eta 10-5 aurreratu ziren arren, hamarna berdindu zieten elgoibartarrek. Berriz ere bost tanto aurretik jarri ziren azpeitiarrak, baina atzera markagailua orekatzea lortu zuten etxekoek. Indarrak parekatuta, tanto bakoitza borrokatu behar izan zuten, eta luze jo zuen finalak. Gainera, partidaren azken txanpan txorkatilean min hartu zuen Astiazaranek, baina atsedenaldi txiki bat hartu ostean, aparteko arazorik gabe jarraitzeko moduan izan zen.

Emozioz betetako bukaera izan zuen norgehiagokak, eta azkenean, azpeitiarrak izan ziren 22 tantora iristen aurrenak, aurkariak 20an utzita. Partidaren ostean, pozik zeuden irabazleak, eta baita Azpeititik haiek ikustera joandako lagunak ere. "Euren animoekin finalari giro berezia" eman ziotela nabarmendu du Elgoibarko Barren hedabideak.

Ivet Astiazaran Elgoibarko pala txapelketa jokatzen, joan den ostiralean. (Barren)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide