'Oi lur' dantza eta musika ikuskizuna izango da igandean, Azpeitia Dantzanen barruan

Julene Frantzesena 2023ko eka. 30a, 08:00

Sahatsako dantzari hainbat Azkoitian egin zuten 'Oi lur' ikuskizunean. (Nerea Uranga)

Asteburu honetan Sahatsa dantza taldearen txanda izango da. Agertokian, baina, ez dira dantzariak soilik izango; besteak beste, Azpeitiko Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa ahots taldeak ere parte hartuko dute emanaldian. 19:00etan hasiko da ikuskizuna.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko bigarren emanaldia izango da igandean, uztailaren 2an. Asteburu honetan Sahatsa dantza taldearen txanda izango da. Hain zuzen ere, talde horretako dantzariek Oi lur ikuskizuna taularatuko dute Soreasu antzokian.

Agertokian, baina, ez dira dantzariak soilik izango. Izan ere, Azpeitiko Udal Musika Bandako, Julian Barrenetxea abesbatzako, Azketa ahots taldeko, Lazkaoko Kantaka taldeko, Ormaizteko Urmaiz abesbatzako nahiz Aita Donostia koruko kideek parte hartuko dute.

19:00etan hasiko da ikuskizuna, eta oraindik ere eskuragarri daude emanaldirako doako gonbidapenak Kulturaz.eus webgunean.

Joan zen asteburuan hasi zen Azpeitia Dantzanen aurtengo aldia, Luis Alberdi Beltzaren dantza eskoletako eta Juan Antxieta musika eskolako kideen emanaldiarekin. Datozen asteetan ere izango dira dantza ardatz duten emanaldiak: zapatuan, Sahatsa dantza taldearena; hilaren 9an, Jose Mari Orbegozoren areto dantzen eskolako kideena; eta uztailaren 16an, Itsasi dantza taldearena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide