Aitor Zubizarretak beste bi denboralditarako luzatu du kontratua Gipuzkoa Basketekin

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 27a, 17:45

Aitor Zubizarreta, Gipuzkoa Basketekin jokatzen. (FEB)

Donostiako saskibaloi klubak gaur arratsaldean eman du kontratu berritzearen albistea bere sare sozialen bidez. 2023-2024 denboraldian ere Urrezko LEB ligan ariko da Guuk Gipuzkoa Basket.

Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) saskibaloi jokalariak Guuk Gipuzkoa Basket taldean jarraituko du. Donostiako klubak gaur arratsaldean bere sare sozialen bidez jakinarazi duenez, beste bi urterako luzatu diote kontratua Zubizarretari. 2021-2022 denboraldian iritsi zen Gipuzkoa Basketera joko antolatzaile azpeitiarra, eta bukatu berri denarekin, bi denboraldi osatu ditu han.

ACB ligara, Espainiako saskibaloiaren maila gorenera, itzultzeko zorian izan da sasoi honetan Donostiako taldea, baina Urrezko LEB ligan lehiatuko da berriro ere 2023-2024 denboraldian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide