Euskal presoen eskubideak aldarrikatu dituzte hainbat lagunek ekaineko azken ostiralean

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 1a, 10:37

Atzoko elkarretaratzeko irudia. (Azpeitiko Sare)

Ekaineko azken ostirala izan zen atzo, ekainak 30, eta hilero bezala, euskal presoen eskubideen defentsan, elkarretaratzea egin zuten herriko plazan, Sarek deituta. Etxerako bidea gertu; Gotzon gurekin lelopean egin zuten elkarretaratzea, 19:00etan hasita. 

Juan Manuel Inziarte errenteriarra, Joseba Borde ugaotarra eta Jose Mari Novoa gasteiztarraren kasuak ekarri zituzten gogora atzokoan, hil honetan "zoritxarreko albiste" izan direlako. "Berriz ere, hirurak etxera itzultzeko prozesua oztopatu dute, eta beren eskubideak nabarmen urratu dituzte", adierazi zuten Sareko kideek. Era berean, salatu zuten "euskal presoak trukerako txanpon gisa" erabiltzen jarraitzen dutela "Espainiako indar atzerakoienak".

Horiei "hipokresia alde batera utz dezatela" galdegin die Sarek: "Ez gezurrik esan! Euskal presoek, batez beste, 20 urte egin dituzte espetxean. Horietatik bostek 30 urte baino gehiago eman dituzte preso. 7 euskal presok 70 urte baino gehiago dituzte, eta 16k gaixotasun larriak dituzte diagnostikatuta. Espetxean hiltzea nahi badute, argi esan dezatela. Ia guztiek zigorraren erdia bete dute, eta zati handi batek, zigorraren hiru laurdenak".

Legeak eta araubideak ere izan zituzten hizpide elkarretaratzea amaitzean: "Lege arrunta aplikatuko balitzaie, espetxe-ibilbideari buruzko erabakiak epaile naturalak hartuko balitu, horietako asko eta asko kalean egongo lirateke. Lege arruntak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko harresien barruan bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz". Zentzu horretan, "elkarbizitzaren eta herri honen etorkizunaren alde" lanean jarraituko dutela adierazi zuten Sareko kideek, eta deialdietan parte hartzeko deia egin zuten. "Mobilizatzen jarraituko dugu euskal gizartearen gehiengoak nahi duena betearazteko. Etxera itzultzeko oztopoen aurrean, beharrezkoa da uda honetan herri bakoitzean deitutako mobilizazioetan parte hartzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide