Eider Mendoza izango da Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Jabier Larrañagak ez du diputatu jarraituko

Nerea Uranga 2023ko uzt. 1a, 14:01

Eider Mendoza, lehen lerroan erdian.

Eider Mendoza Azpeitian jaiotako hondarribiarra izango da Gipuzkoako ahaldun nagusia; kargu hori hartu duen lehen emakumea da. Gaur osatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu berria, eta Jabier Larrañagak ez du jarraituko Promozio Ekonomikorako eta Proiektu Estrategikoetarako diputatu.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eider Mendoza (EAJ) izendatu zuten ostegunean ahaldun nagusi; Azpeitian jaiotakoa da Mendoza, eta umetan Hondarribira bizitzera joandakoa. Bigarren bozketan erabaki zuten Mendoza diputatu nagusi izatea, gehiengo soilarekin. Ahaldungai jeltzaleak 25 batzarkideren babesa jaso zuen, EAJren hamazazpi batzarkideena, PSE-EEren zazpiena eta PPko batzarkide batena. Lehen bozketan hogeita launa boto eskuratu zituzten Maddalen Iriarte EH Bilduren ahaldungairako hautagaitzak —Elkarrekin Podemosek babestuta— eta Mendozak, PPko hiru batzarkideak abstenitu zirelako.

Mendoza da Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua hartu duen historiako lehen emakumea.

Diputatu nagusiaren kargua hartuta, atzo iragarri zituen Mendozak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu "berritua" osatuko dutenen izenak, eta gaur, larunbata, hartu dituzte Foru Aldundiko karguak. Diputatu nagusiaren aginduetara arituko diren bederatzi diputatuetatik sei EAJko kideak izango dira, eta hiru PSE-EEko kideak. Jabier Larrañaga azpeitiarrak (EAJ) ez du jarraituko foru gobernu berrian. Larrañaga 2015eko ekainean izendatu zuten Gipuzkoako Finantza eta Ogasun diputatu, eta aurreko agintaldian ere kargu horretan jardun zuen foru aldundian. 

Foru departamentuetako ardurak honakoek hartu dituzte gaur: Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten burua da lehen diputatu nagusiordea eta Jasangarritasun diputatua; Promozio Ekonomikorako eta Proiektu Estrategikoetarako Departamentua Ane Insaustik (EAJ) zuzenduko du; Maite Peñak (EAJ) jarraituko du Zaintza eta Gizarte Politiketako foru diputatu; Jokin Peronak (EAJ) jarraituko du Ekonomia eta Finantza diputatu karguan; Xabier Arruti (EAJ) Lurralde Oreka Berderako diputatu ariko da; Maria Ubarretxena (EAJ) arduratuko da Bide Azpiegituretako Departamentuaz; Irune Berasaluzek (EAJ) kudeatuko du Gobernantza Departamentua; Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Ordenamendu Departamentuaren ardura Azahara Dominguezek (PSE-EE) izango du; eta Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol diputatu kargua Goizane Alvarezek (PSE-EE) hartu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide