Patata tortilla txapelketarekin eta jolasekin hasi dira Damasoko festak

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 1a, 13:22

Maialen eta Libe Bastida ahizpek egin duten patata tortilla izan da nabarmendutakoa, eta haientzat izan da sari nagusia. Guztira, zazpi bikotek parte hartu dute Damasoko III. Patata Tortilla Txapelketan. Eguerdian jolasak egin dituzte, eta arratsaldean jarraituko dute festarekin. 

Ezbairik gabe, damasotarren eguna da gaur, eta goizetik festan murgilduta dabiltza; izan ere, Damasoko Festak ospatzen ari dira auzoan, eta goizetik gauera bitarterako ekintzak antolatu dituzte, adin guztietako auzotarrei zuzenduta. 

Damasoko III. Patata Tortilla Txapelketarekin hasi dira auzoko festak, 11:00ak pasatxoan. Zazpi bikote aurkeztu dira lehiaketara aurtengoan, iaz baino hiru gutxiago. Hala ere, giro ederra sortu da suaren bueltan. Parte hartzaile guztiek denbora tarte berean egin behar izan dituzte jakiak, eta 12:00etara amaituta zituzten tortilla guztiak. Horiei zenbakiak jarri ostean, epaimahaikideek banan-banan dastatu dituzte damasotarrek prestatutako patata tortillak, eta "maila handia" egon dela nabarmendu dute. Jende ugari elkartu da Damason, patata tortillaren epaiaren zain. Plater guztiak probatu ostean jakinarazi du epaimahaiak nor izan den patata tortillarik onena. Maialen eta Libe Bastida ahizpek egin duten seigarren zenbakidun patata tortilla izan da nabarmendutakoa, eta haientzat izan da sari nagusia. Laratz tabernako kideek eman diete saria Bastidatarrei, Damasoko plazan elkartutakoen txalo artean. Hori bai, parte hartu duten bikote guztiek jaso dute saria, eta gosari banarekin saritu dituzte. 

Sariak banatuta, hamaiketakoa egiteko tartea hartu dute auzotarrek, eta Oilo Soro elkartearen atarian dastatu dituzte lehiakideen patata tortillak nahiz hamaiketarako prestatutako txorizo pintxoak. Ondoren, jolasak egin dituzte plazan bertan. 

Arratsaldean ere izango da zer egin eta zertaz gozatu Damason. 17:00etan merienda egingo dute, eta 18:00etan Iago magoren emanaldia izango da. Auzotarrak txunditzen asmatu beharko du Damasoko magoak. Ondoren, txaranga poteoa egingo dute 19:30ak aldera. 20:30ean umeen afariaren txanda izango da, eta 21:00etan helduen afaria. Gaua musikarekin borobilduko dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide