Gidari boluntarioen lana aitortuta ospatu dute Jubilatuen Xoxoteko Eguna

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 1a, 14:54

150 lagun inguru igo dira gaur Jubilatuen Xoxoteko egunera, plazatik irten diren 30 ibilgailutan. Ismael Agirre, Joxe Mari Uranga, Joakin Eizagirre eta Xebastian Lizaso omendu dituzte urte luzez gidari lanak egiteagatik. Giro ederrean gozatu dute

Jubilatuen Xoxoteko Eguna ospatu dute gaur, uztailak 1, Baigera Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatuta. Urtero harrera paregabea izaten duen hitzordua da, eta aurten ere jende ugari animatu da Jubilatuen Xoxoteko Egunera. Guztira, 150 herritar inguru animatu da irteetan parte hartzera, eta horiek guztiak plazan elkartu dira 10:00etan. Ordurako han ziren mendira igotzeko ibilgailuak, eta parte hartzaileak haietan joan dira Izarraitz magalera. Behin Xoxotera iritsita, meza izan da han, eta ondoren, hamaiketakoa egin dute aterpetxearen atarian, trikiti doinuz lagunduta.

Gaurko eguna ospatu ahal izateko ezinbestekoa izaten da Izarraitzeraino ibilgailuak gidatzen dituzten herritarren ekarpena. Hori dela eta, gaurkoan aitortza egin nahi izan diete urte luzez Xoxoteko Jubilatuen Egunean gidari lanak egin dituzten herritarrei. Hain zuzen, Ismael Agirre, Joxe Mari Uranga, Joakin Eizagirre eta Xebastian Lizaso omendu dituzte urte luzez gidari lanak egiteagatik. Leire Goenaga zinegotziak eman die oroigarria Azpeitiko Udalaren eta Baigera elkartearen izenean. 

(Argazkiak: Urtzi Oteiza eta Azpeitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide