Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak biharko

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 2a, 10:30

Hilketa matxisten aurka Azpeitian egindako elkarretaratze bateko artxibo irudia. (Maialen Etxaniz)

Gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen atzo Iruñean, labankadaz, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Espainiako Polizia eta udaltzainak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela atxilotuari. Itaiak elkarretaratzea egingo du bihar, 19:00etan, plazan.

Itaiak elkarretaratzea egingo du bihar, astelehena, atzo Iruñean izandako hilketa matxista salatzeko. Kontzentrazioa 19:00etan izango da plazan. 

51 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen atzo labankadaz Iruñean, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan hil zuen gizonak 47 urteko emakumea. Bikotekide ez ezik, lankide ere baziren Anayak tabernan.  Gizonezkoa gaur pasatuko da epailearen aurretik. Bitartean, Espainiako Polizia eta udaltzainak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela atxilotuari. Sumarioa sekretupean dago.

Udalak ere salatu du larunbatean Iruñean izandako hilketa matxista. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna adierazteaz gain, hilketa salatzeko kaleak hartzeko deia luzatu du. Erakundeak bat egin du antolatutako protestarekin.

Urteko laugarrena

Iruñekoarekin lau dira 2023an indarkeria matxistaz Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion, eskopeta batekin tiro eginda. Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten. Ekainaren 15ean 89 urteko emakume bat hil zuen 28 urteko ilobak, Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu zuen hilketa matxista izan zela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide