Urteak dira Mila Altuna San Martin egoitzako egoiliar azpeitiarra eta Gorka Fernandez barakaldarra Mintzanet egitasmoan parte hartzen hasi zirela. Altuna bidelaguna da, eta Fernandez bidelaria, eta biak rol horiek hartuta aritu izan dira Internet bidez elkarrekin euskaraz hitz egiten.
Harreman estua egin dute bi lagunek Mintzaneti esker, eta tarteka hitz egiten dute, telefonoz. Gainera, Fernandez Sevillan bizi bada ere, askotan etorri izan da Azpeitira Altuna bisitatzera. Oraintsu egin dio berriz ere bisita azpeitiarrari egoitzan; hain zuzen ere, joan zen ostegunean Azpeitian izan zen Fernandez bi seme-alabekin batera.