Erabilgarri da Sokaitz eskalada elkartearen egoitzaren zati berria

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 3a, 10:41

Ion Oteiza eta Aitziber Salegi Sokaitzen lokalean. (Azpeitiko Udala)

Lokalaren zati berriko alde bat egokitu du elkarteak, eta bazkideek dagoeneko erabil dezakete gunea. Udalak azaldu duenez, aurki jarriko ditu martxan gunea osatzeko falta den zatia egokitzeko lehiaketa publikoa eta obrak.

Bazkideentzat erabilgarri da Sokaitz eskalada elkartearen egoitzaren zati berria. Urola kaleko lokalaren zati berriko alde bat egokitu du elkarteak, eta bazkideek dagoeneko erabil dezakete gunea. Gainera, udalak azaldu duenez, aurki jarriko ditu martxan gunea osatzeko falta den zatia egokitzeko lehiaketa publikoa eta obrak.

Sokaitzek bikoiztu egin du bazkide kopurua hamar urtean. Egoitza txiki geratzen ari zela eta, udalera jo zuten elkarteko kideek duela zenbait urte, eta lokalaren ondoan beste eremu publiko huts bat bazenez, hura egokitzea erabaki zuen udalak. Zati horren lagapena eta azpiegituren oinarrizko prestaketa egin zituen erakundeak, elkartearekin hala adostuta.

Ikastaro hainbat

Aurreko astean lokalaren zati berria ikusten izan ziren Aitziber Salegi Sokaitzeko lehendakaria eta Ion Oteiza Kirol batzordeburua. Oteizak eskerrak eman zizkien Sokaitzeko kideei, egiten duten lanagatik. "Kirol eskaintza zabala izateko ezinbestekoa da horrelako elkarteak izatea. Kirol desberdinak ezagutzeko eta kirola egiten gozatzeko aukerak sortzea ezinbestekoa da guretzat, eta bide horretan, pauso garrantzitsua da ikastaroak eskaintzeko hartutako konpromisoa".

Hain zuzen ere, eskaladarako afizioan eragiteko asmoz, ikastaroak eskaintzen hasi da Sokaitz. Elkarteko bazkideen haurrentzako eta gaztetxoentzako ikastaroa antolatu berri dute, udalekuetako haurrak ere izan dira eskalada praktikatzen lokalean eta Hedatze proiektuaren bidez DBHko ikasleek eskalada ezagutzeko aukera izan dute. Halaber, udazkenerako Emakumeen Txokoarekin ikastaroa antolatzekotan direla ere zehaztu du Salegik.

Hark, gainera, eskerrak eman dizkio udalari, eta zehazki azken lau urteetan Kirol batzordeburu izan den Egoitz Arrutiri, lokala handitzeko prozesuan eskainitako laguntzagatik. Horrez gain, Sokaitzeko bazkide egin nahi dutenek horretarako aukera Luba aholkularitzan dutela ere jakinarazi du, eta langabetuek, gazteek nahiz Kirol Patronatuko bazkideek kuotaren erdia ordaintzen dutela zehaztu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide