Bukatu da maskararen derrigorrezko erabilera

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 5a, 09:53

Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur, asteazkena, goizean argitaratu du COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren amaiera, eta hori horrela, gaurtik aurrera ez da nahitaezkoa izango maskara osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan erabiltzea.

Maskara janztea ez da derrigorrezkoa izango gaurtik aurrera. Atzo, asteartea, onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan maskara derrigorrean erabili beharrik ez izatea. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur, asteazkena, goizean argitaratu du COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren amaiera, eta hori horrela, 1.207 egunen ondoren, pandemiari lotutako ezohiko neurri guztiak bertan behera geratu dira.

Indarrean zegoen neurrietako bat zen maskara osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta farmazietan derrigorrean erabili beharrarena, baina aurrerantzean haren erabilera ez da nahitaezkoa izango. Dena den, gomendagarria izango da maskararen erabilera gune horietan guztietan.

Hala ere, badira maskara derrigorrean erabili beharko den ospitaleetako gune jakin batzuk; hain justu, gaixo larriak eta immunodeprimituak dauden eremuetan, ebakuntza geletan eta zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) jantzi beharko da maskara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide