Santioak eta saninazioak 2023

Festetan lan egin nahi dutenek bihartik aurrera eman dezakete izena udaletxean

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 5a, 09:53

Iazko Barraka Eguna. (Ihintza Elustondo)

Datozen Santio eta San Inazio jaietan hainbat zaintza lanetarako urteroko eskaintza ireki du Azpeitiko Udalak. 16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena, hilaren 6tik 12ra bitartean.

Santio eta San Inazio jaietan hainbat eginkizunetarako zaintzarako langileak beharko ditu aurten ere Azpeitiko Udalak, eta uztail hasieran egin ohi duenez, lanpostu horiek betetzeko lan eskaintza ireki du. Hain zuzen ere, udako festetan lan egin nahi duten 16 urtetik gorako herritarrek bihartik hilaren 12a arte –bi egunak barne– aurkez dezakete lan poltsan sartzeko eskaera orria udaletxeko Sarrera Erregistroan.

Adinaren baldintzaz gain, beste hiru irizpide hartuko ditu kontuan udalak, "lehentasunezko hurrenkeran", hautaketa egiteko: Azpeitian erroldatuta egotea eta euskararen ezagutza, langabetua izatea –epe luzeko langabetuak lehenetsita–, eta eginkizun berdinetan esperientzia izatea.

Eskaera orriarekin batera, NA eta, langabetuen kasuan, hori horrela dela ziurtatzen duen agiri eguneratua aurkeztu beharko dute eskatzaileek. Erroldaren egiaztapena ofizioz egingo du udalak berak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide