Azken hilabeteetan auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu Azpeitiko Udalak Arana Goikoan. Obrak bukatu dituzte dagoeneko, eta itxura aldaketa nabarmena izan du eremuak. Izan ere, alde batetik, auzoko 10 eta 15 zenbakidun etxe atarien arteko irisgarritasuna hobetu dute; bestalde, ur hornidura sarea berritu eta espaloiak egokitu dituzte. Lanek 100.402 euroko aurrekontua izan dute.
Horrenbestez, Arana Goikoa auzoa osatzen duten bi kaleen arteko irisgarritasuna bermatuta dago, udalak azaldu duenez. Gainera, oraintsu gauzatu dituzten obrak egiterako, irisgarritasuna hobetzeko beste hainbat urrats ere eginak zituen erakundeak auzo horretan. Zehazki, Arana eta Arana Goikoa lotzen dituen igogailua martxan da, eta Arana Goikoako 7 eta 12 zenbakidun etxe atarien irisgarritasuna hobetzeko lanak ere bai.