Jose Luis Zubizarreta 'Xubi': "Gipuzkoako saskibaloiak Gipuzkoa Basketen proiektua ulertu eta babestu behar du"

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 6a, 09:33

Nacho Nuñez presidentea eta Xubi. (Gipuzkoa Basket)

Herenegun aurkeztu zuen Donostiako saskibaloi taldeak azpeitiarra. "Proiektuaren sinesgarritasunagatik edota proiektuak bizirik jarrai dezan gizartearen aldetik behar duen sentikortasunagatik" hartu du Xubik Gipuzkoa Basketen "erronka". Ibon Guridi jokalari ohiak hartuko ditu Iraurgin Zubizarretak orain arte izandako ardurak.

Jose Luis Zubizarreta Xubi azpeitiarra izango da Gipuzkoa Basket saskibaloi klubaren kirol zuzendari berria. Hamarkada luzeetan Iraurgi saskibaloi klubaren koordinatzaile lanetan aritu denak Donostiako taldearen eskaintza onartu du. Hain justu, herenegun aurkeztu zuten Xubi prentsaren aurrean.

"Urduri" agertu zen Xubi aurkezpenean, harentzat "erronka berria" baita Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendaria izatea. "Nigan jarritako konfiantza eskertu nahi diot klubari. Era berean, azken bi urteetan Aitor Uriondok eta Ibon Muñozek egin duten lana eskertu nahi dut, proiektua finkatzen eta oinak lurrean izaten lagundu dutelako; bestelako hasiera bat eman diote klubari".

Gipuzkoa Basketentzat "hausnartzeko unea" dela uste du azpeitiarrak. "Proiektuaren sinesgarritasunagatik edota proiektuak bizirik jarrai dezan gizartearen aldetik behar duen sentikortasunagatik nago ni hemen. Klubari laguntzea edota berriro edukiko ez duen egoera honi joaten uztea dira bi aukerak. Gipuzkoako saskibaloiak Gipuzkoa Basketen proiektua ulertu eta babestu behar du".

ISBn erreleboa "prestatzen" ari zela azaldu zuen Xubik, eta erronka onartzeak "prozesua azkartu" egin duela. Hain zuzen, Ibon Guridik, kantxak utzita, hartuko du Xubiren lekukoa. "Lasai eman dut pausoa; bizi naizen artean haiengandik gertu egongo naiz".

"Esperientzia handia"

Nacho Nuñez Gipuzkoa Basketeko presidenteak aurkeztu zuen azpeitiarra. "Gipuzkoako saskibaloian esperientzia handia duen pertsona da Xubi. Oso gustura gaude bere kontratazioarekin, berarekin proiektuak Gipuzkoan errotuta segituko baitu". Presidenteak adierazi zuen Xubiren fitxaketarekin Gipuzkoa Basketek Gipuzkoako saskibaloi taldeengandik gertuago egoteko eta lurraldeko talde guztiak bateratzeko "apustuari eusten" diola. "Prestatuta dago, eta ISBren arrakastak eta lorpenak dira horren adibide", esan zuen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide