Jabier Larrañaga Kutxabankeko enpresen arloko zuzendari izendatu dute

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 6a, 13:59

Jabier Larrañaga. (Gipuzkoako Foru Alundia)

Politikagintzara jauzi egin aurretik ere Kutxabanken lan egiten zuen azpeitiarrak, eta agintaldi berriaren hasierarekin, Aldundia utzi eta hara itzuli da lanera. Lehen ere enpresa arloko zuzendari izana da.

Azken bi agintalditan Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu izan ostean, Jabier Larrañaga Kutxabankeko enpresen arloko zuzendari izendatu dute. Politikagintzara jauzi egin aurretik ere Kutxabanken lan egiten zuen azpeitiarrak, eta agintaldi berriaren hasierarekin, Aldundia utzi eta hara itzuli da lanera.

Ez da, baina, finantza entitate horretan zuzendari karguan ariko den aurreneko aldia izango. Izan ere, 2012 eta 2015 urteen artean ere enpresen arloko zuzendaria izan zen Larrañaga. Dena den, 2015eko foru bozen ostean, Markel Olanok bere lantaldean sartu zuen; aurreneko agintaldian Ogasun eta Finantza departamenduaren ardura izan zuen, eta 2020az geroztik, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua izan da.

Kutxabankeko langilea da Larrañaga 2001etik, eta 2010etik 2012ra banketxe horren enpresa sareko zuzendari komertziala izan zen. Gero Gipuzkoako enpresen sareko zuzendari izendatu zuten, eta orain Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaria izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide