Odolkiak ordainetan. OdolPOGIak, kasu honetan. Hilda zegoela zirudiena bizi-bizirik dago, eta Jumbo Visma eta Jonas Vingegaarden festa zapuztu du. Tadej Pogacarrek kolpea eman du mahai gainean, Jumboren estrategia txikitu, Vingegaarden eraso guztiei eutsi, danimarkarra atzeratu helmugan, eta urrezko minutu erdia irabazi Tourra oso bizirik dagoela gogorarazteko. Unerik kritikoenean egin du gainera, atzo hartu zuen muturrekotik jaikitzea ezinezkoa edo oso zaila zirudienean. Pogi gaztea, baina, jaiki da, eta 'hemen nago' esan dio ozen Vingegaardi, bere ipurdi meharra erakutsiz airoso Tourreko lider berriari.
Etapa ikusgarria izan da beste behin. Eta berriro Tourreko ziklista indartsuenetakoaren eskutik: Wout Van Aert. Ez omen dago iaz bezain indartsu, fin, baina a zer etapa puska egin duen gaur ere. Ihesaldian sartu, ihesaldiko ardura eraman Aspin eta Tourmalet gainetan berak bakarrik tiratuz; Tourmaleten behera bere liderrari, Vingegaardi, itxaron eta bailaran behera Luz Saint-Sauveurretik Pierrefitteraino eraman du txistu batean. Konforme ez, eta Cauteretseko lehen 12 kilometroak ere buruan egin ditu. 'Benga motel, emaiok ja!' esan dio danimarkarrari. Eta eman dio, baina gaur esloveniarraren itzala bere gurpilean sumatu du uneoro Vingegaardek.
Itzala, eta bisai hobea. Egiari zor, ondo ikusi da gaur Pogacar, atzo hartu zuen astindu fisiko eta mentaletik berrindartuta. Hainbesteraino, helmugatik bi kilometro eta erdira erasoa jo eta atzean utzi duela Vingegaard. Danimarkarrak gehiegizko konfiantzaz jokatu du, agian. Alegia, atzokoa gogoan, gaurkoan ere Pogacar aise menderatuko zuela sinetsita zen Jonas, itxuraz, baina esloveniar gazteak 'egon hadi lo eta jango dek mehe' esan dio Vingegaardi.
Xake partida betean gaude, eta berdinketa sinatu dute bi izarrek Pirinioetako borroka bukatuta. Vingegaard da lider orain, eta 26 segundoko aldea kentzen dio Pogacarri. Pirinioetako bi etapak aztertuta, Vingegaard izan da garaile, 35 segundo jan baitizkio Pogacarri. Sentsazioak, baina, bestelakoak dira. Pogacar berpiztu egin da hilda zegoenean, eta horrek zalantzak sor diezazkioke Vingegaardi. Gainera, taldeak lan perfektua eginda nagusitu zaie Pogacar gaur, bakarkako lanarekin, eta horrek mina ematen du.
Gauzak normal, igandean izango da oilarren arteko hurrengo dema, Puy de Dome bihurrian. Biak ala biak zartakoka aritzea espero da sumendi zahar haren malkarretan. Bitartean, kalma tropelean. Bihar esprinta, Bordelen bukatuko den etapan.