Manolo Sanjuan tailugilea hil da

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 7a, 10:05

Manolo eta Mikel Sanjuan. (Nerea Uranga)

Tailugile azpeitiarra 95 urterekin hil da. Askotariko tailu lanak egina, 1993an hartu zuen erretiroa. Azpeitiko Kultur Mahaiak 2013an ohorezko bazkide izendatu zuen.

Manolo Sanjuan tailugilea hil da gaur, ostirala, 95 urterekin. Tailugintzan hainbat lan eginda, 1993an hartu zuen erretiroa, baina tailuari 2012 inguruan utzi zion erabat. Haren lekukoa Mikel semeak hartu zuen. Askotariko tailu lanak egin izan dituzte sanjuandarrek, hala nola Donostiako Askatasunaren Hiribidean brontzean egindako ate bat, Aquariumeko egurrezko atea, Zarauzko Musika Plazako kioskoaren zintzilikariak, teilatu azpiko gapirio asko...

Irundarra jaiotzez, Azpeitian bizi izan da urte luzez Sanjuan, 11 urte zituenetik, hain zuzen. Hark zioenez, "azpeitiar-azpeitiarra" sentitzen zen: "Pentsa, hemendik Ameriketara  joan eta atzera itzuli egin nintzen, azpeitiar sentitzen naizen froga handiena hori da. Toki batean jaio eta inora irten gabe egoteak ez du ezer erakusten; baina toki batetik joan eta berriro itzuli izanak dena erakusten du". Hala azaldu zuen tailugileak 2014ko urtarrilean Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketan.

Azpeitiko Kultur Mahaiak 2013an ohorezko bazkide izendatu zuen Sanjuan, Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian. 2002ko urtarrilean, berriz, Gipuzkoako Artisau Tradizionalaren diploma jaso zuen Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkundearen eskutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide