Zehaztu dute Azpeitiko San Inazio jaietako pilota jaialdia. San Inazio egunez, hilaren 31n, binakako bi pilota partida jokatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan, 22:15ean hasita. Jaialdiko partida nagusia jokatuko dute binakako pilota txapelketan era batera edo bestera protagonista bihurtu ziren pilotariek. Batetik, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta txapeldunak arituko dira, eta bestetik, finalerdia lesio bategatik utzi behar izan zuen bikotea: Jokin Altuna Altuna III.a eta Xabier Tolosa. Izan zitekeen eta izan ez zen finala irudikatuko dute Azpeitiko jaialdian.
Bestalde, jaialdiko lehen partidan azpeitiar bat izango da protagonista; izan ere, Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak Xabier Erostarberekin osatuko dute lehiarako bikote bat. Azpeitiarrak eta urretxuarrak Dario Gomez eta Iñigo Bikuña izango dituzte arerio.
Sarrerak, salgai
San Inazio bezperako pilota jaialdirako sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko. 30 euroan atera dituzte salmentara kantxako sarrerak, eta 20 euroan palkoetako edota harmailen goiko solairuko sarrerak. Honako lotura honetan eros daitezke pilota jaialdirako sarrerak.