Pasaiako segadaren irudiari eraso egin diotela salatu du Egiari Zor fundazioak

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 7a, 07:29

Pasaiako segada oroitzeko irudiari pinturarekin egin diote eraso. (Egiari Zor)

Pasaiako badian dagoen segadan hil zituzten lau lagunen irudiari pintura gorria eta horia bota dizkiete, Espainiako bandera irudikatuz. Egiari Zorrek salatu duenez, Espainiako Estatuaren biktimen memoriaren kontrako erasoak ez dira berriak.

Pasaiako segadan hildako kideen oroimenez Pasaiako badian kokatuta dagoen irudiari eraso egin diotela salatu du Egiari Zor fundazioak. Hain zuzen ere, segadan hil zituzten lau lagunen irudiari pintura gorria eta horia bota dizkiete, Espainiako bandera irudikatuz.

Egiari Zorrek azaldu duenez, hilketak argitzeko kasua zabalik den unean jazo da erasoa, baina fundazioaren arabera, Espainiako Estatuaren biktimen memoriaren kontrako erasoak ez dira berriak. "Kontakizun eta proiektu politiko zehatz bat inposatu nahi dutenen eskutik datoz erasoak", zehaztu du.

1984ko martxoaren 22an Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak bertan hil zituen poliziak; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide