Ekitaldi ugarirekin ospatuko dute Gaztetxearen XVIII. urteurrena

Unax LarraƱaga 2023ko uzt. 10a, 09:00

Iazko baltsa jaitsierako irudia.

Ostiralean hasiko dute ospakizuna, futbito txapelketako finalen aitzakian. Zapatuan, berriz, egun osoko festa eguna egingo dute. Besteak beste, baltsa jaitsiera, bazkaria, poteoa eta kontzertuak izango dira.

Aurten hemezortzi urte beteko ditu Azpeitiko Gaztetxeak, eta urtero bezala, urteurren ekitaldi ugari antolatu dituzte asteburu honetarako. Ostiralean hasiko dute ospakizuna, futbito txapelketako finalen aitzakian. 20:00etan hasita jokatuko dituzte kopako eta ligako finalak plazan muntatuko duten futbol zelaian. Parrillada ere egingo dute, partiden ostean, leku berean.

Larunbaterako egun osoko egitaraua antolatu du Gaztetxeak. Goizean, ohi den bezala, baltsa jaitsierarekin hasiko dute eguna, eta ondoren, bazkaria egingo dute Gaztetxean bertan; otordurako txartelak Haginpe tabernan eskura daitezke. Bazkalostean gaztetxeko kantaren proiekzioa eta sari banaketa egingo dituzte, eta gero, karropoteoarekin abiatuko dira kalera. 20:30etan irekiko dute berriro Gaztetxea, eta pizzak dastatzeko aukera izango dute hara joaten direnek. Urteurreneko ospakizunei amaiera emateko, Jipoituak, Igitaia eta Ostikoka taldeen kontzertuak izango dira Gaztetxean.

Hona hemen, Gaztetxearen urtemugarako prestatu duten egitarau osoa:

Uztailak 14, ostirala

20:00. Futbito txapelketako kopako finala.

21:00. Futbito txapelketako ligako finala.

Ondoren, parrillada.

 

Uztailak 15, larunbata

10:30. Baltsa erakusketa eta hamaiketakoa.

11:30. Baltsa jaitsiera.

Ondoren, argazkia.

14:30. Bazkaria.

15:50. Gaztetxeko kantaren proiekzioa.

16:00. Sari banaketa.

17:00. Karropoteoa, Gaztetxetik hasita.

20:30. Gaztetxearen irekiera eta pizza jana.

21:00. Kontzertuak. Jipoituak, Igitaia eta Ostikoka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide