Uztailaren 16an, igandez, eta bigarren urtez jarraian, Aniztasunaren Eguna izango da Azpeitian. Goiz eta eguerdi partean izango da festa plazan, Azpeitiko Udalak antolatuta, eta askotariko kulturetako azpeitiarrek hizkuntza, musika, jakiak, arropak eta abar elkarbanatuko dituzte.
Aurtengo edizioan Boliviako, Paraguaiko, Peruko, Nikaraguako, Saharako, Venezuelako, Maliko, Senegalgo, Nigeriako, Pakistango, Hondurasko, Salvadorko, Ruandako eta Euskal Herriko herritarrek parte hartuko dute festan. Zehazki, 11:00etatik 14:00etara, postu ugari jarriko dituzte plazan, eta herrialde bakoitzeko kulturaren bereizgarriak jarriko dituzte horietan, besteak beste, jakiak, jantziak nahiz artisau lanak. Gainera, jatorri desberdinetako herritarrek dantzak eta abestiak ere plazaratuko dituzte.
Egitasmoarekin azpeitiarren aniztasuna eta kulturartekotasuna sustatu nahi ditu udalak, eta festa baliatuko dute herriko kulturak elkartrukatzeko. Gainera, herritarren artean elkarbizitza sustatzea ere bada helburua, baita horiek elkar ezagutzeko plaza eskaintzea ere. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "herritarren artean sareak eraikitzeko, elkarren berri izateko eta zurrumurruekin amaitzeko espazioak eraikitzen eta politikak egiten" jarraituko du udalak aurrerantzean ere, "jatorri desberdinetako pertsonek" osatzen dutelako Azpeitia.