Dantza ikusgarriak eta sorpresak, Dantzaki eskolakoen emanaldian

Ihintza Elustondo 2023ko uzt. 9a, 22:04

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko hirugarren emanaldia izan da gaur Soreasu antzokian: Dantzaki eskolakoena. Aretoa leporaino bete da, areto dantzek Azpeitian beti sortu ohi duten ikusminaren erakusle. Sorpresak eta une hunkigarriak izan dira gaurko saioan.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, Dantzaki eskolakoen emanaldia izan da arratsaldean, Soreasu antzokian. Aretoa leporaino bete da, areto dantzek Azpeitian beti sortu ohi duten ikusminaren erakusle. Ohiko moduan, adin desberdinetako hainbat pertsonak parte hartu dute gaurko saioan, eta askotariko dantzez gozatu ahal izan dute ikus-entzuleek: salsa, bachata, txa-txa-txa, tangoa, musikala...

Jose Mari Orbegozoren eskolako ikasleek abilezia handiz taularatu dituzte ikasturtean zehar ikasitakoak, eta ordu eta erdi pasa iraun duen emanaldian, gozatu ederra hartu dute bertaratu direnek. Dena den, gaurkoan izan da sorpresarako tarterik ere. Ikuskizunaren amaieran, musikal bat dantzatu dute hainbat dantzarik, eta bat-batean, Dantzaki eskolako irakaslea den Uxoa Ibarreta atera da oholtzara, ezkutatu ezin duen sabel handiarekin. Zortzi hilabeteko haurdun dago, eta hark ere parte hartu nahi izan du gaurko emanaldian.

Ikuskizunarekin amaitzeko, Orbegozok hainbat pertsonari eskerrak eta oroigarriak eman nahi izan dizkie. Besteak beste, gaurko emanaldian parte hartu duten hainbat dantzariri lore sortak banatu dizkie, baita bere senitartekoei eta gertuko hainbat pertsonari ere. Irene Alberdi azpeitiar dantzariari ere lore sorta bat eman dio, Dantzaki eskolan hainbat urte daramatzalako.

Ibarreta oholtzara irten den unea, bideoan:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide