Espainiako Gorteetarako bozak direla eta, aurten larunbatez egingo dute saninazioetan atariko Umeen Eguna. Uztailaren 22an izango da haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutako eguna, eta askotariko ekitaldiak izango dira urtero legez.
Haujijijai batzordeak, adibidez, prest du dagoeneko Umeen Egun Arroxarako egitaraua; aurten ere bazkaria, jolasak eta kalejirak egingo dituzte egun horretan. 13:30etan elkartuko dira: HH4ko eta HH5eko haurrak plazako eskaileretan; LH1 eta LH2koak Done Jakue kaleko parkean; LH3ko eta LH4koak Frontoi Txikian; eta LH5eko eta LH6koak, berriz, Iturritxiki ludotekaren atarian.
Haur eta gaztetxo denak elkartzean, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Bazkalostean, berriz, askotariko jolasez gozatu ahal izango dute horiek, baita kalejiraz ere. 17:30 aldean berriro ere gurasoekin elkartuko dira Umeen Egunean parte hartu duten lagunak, eguerdian juntadizoa egingo duten leku berberetan –plazako eskailerak, Done Jakue kaleko parkea, Frontoi Txikia eta Iturritxiki ludotekaren ataria–.
Umeei eta gaztetxoei zuzendutako festa egunean parte hartu nahi duten lagunek bihar eta etzi eman ahal izango dute izena, 11:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara bitartean, plazan. Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da, eta gaztetxoek egunean bertan, Marea Arroxaren kamiseta berria ere eskuratuko dute.